Arrival

arrival

Zuzendaria: Denis Villeneuve. Aktoreak: Amy Adams, Jeremy Renner, Forest Whitaker, Michael Stuhlbarg, Mark O’Brien, Tzi Ma. AEB, 2016.

Istorioa: Goiz batean, estralurtarren hamabi espaziontzi gure planetako beste horrenbeste lekutan lurreratuko dira. Haiekin komunikatu nahian, hizkuntzalari bat eta fisikari bat kontratatuko ditu AEBetako armadak. Estralurtarrekin komunikatzeko gaitasuna eskuratu ahala, hizkuntzalariaren baitan zer edo zer aldatuko da.
Sariak:
Narrazio labur batean oinarritua dago filma, Ted Chiang idazlearen The Story of Your Life lan sarituan, hain zuzen. Arrival-ek ez du saririk lortu oraingoz, eta, Oscar sariak oraindik lekutan egon arren, haren sorta bat jasotzeko hautagaia izango da Villeneuveren filma, askoren ustez.
Onena:
Irudi eta estetika zaindu, erakargarri eta indartsuak, batetik; trebeki garatutako eduki interesgarri eta hunkigarria, bestetik. Horri Amy Adamsen lan bikaina gehituta... Lan berezia da, ederra, ikuslea harrapatzeko aparteko gaitasuna duena. Tira, eta euskaldun bakoitzak barnean hizkuntzalari bat daramala dioen ustea kontuan hartuz gero, nola esan ezer txarra hizkuntzalaritzari eta hizkuntzei halako arreta eta txera azaltzen dizkien film bati buruz?
Eñaut Mitxelena