Zea Mays, harro kalera

zea

Taldea sortu zela bi hamarkada betetzear direnean kaleratu dute bilbotarrek estudioko zortzigarren diskoa: Harro. Izan badituzte harro egoteko arrazoiak, besteak beste, euren publikoa zabaltzeko gai izan direlako, entzule gazteak erakarrita.
Hamabost abesti bildu dituzte Garden Records zigilupean ateratako lan berrian, eta berriro ere Dave M. Allen (The Cure, Reptile Youth…) produktorearen gidaritzapean jardun dute. Bestelako kolaborazioen artean, berriz, Love of Lesbian taldeko Santi Balmes aurki daiteke euskaraz abesten; halaber, Raul Lomas (Doctor Deseo) ere lagun izan dute teklatuak eta sintetizadoreak jotzen. Momentuz, hurrengo aukera hauek daude taldea Harro aurkezten ikusteko: hil honen 1ean, Gasteizen (Jimmy Jazz); 3an, Durangon (Plateruena); 10ean, Baionan (Zizpa); eta 15ean, Donostian (Intxaurrondo). Dena den, dagoeneko iragarri dute datorren urtean bira handi batekin eta ustekabe askorekin ospatuko dutela 20. urtemuga.


altxatuALTXATU hirukote nafarrak hirugarren diskoa kaleratu du: Hegalen indarraz aitzina. Hamaika kantu sartu dituzte bertan, eta Ez dut nahi izenekoan (Julen Lekuonak 1966an sortutako abestiaren bertsioa) Leihotikan taldeko Gorka Armendarizen kolaborazioa izan dute; baita Hibakusha taldeko Silvia Guillenena ere Garaipen krudela abestian. Diskoa kaleratu duen Gor diskoetxekoen arabera, “harritzekoa da hain talde gazteak Eduardo Galeanoren lanetan oinarritutako hitzak idaztea, bonbardinorako zein tubarako moldaketak egitea, eta gitarrarekin hainbat afinaziorekin jardutea”. Durangoko Azokan joko dute, Ahotsenean, abenduaren 4an.

 

 

 

 

 

hatsaHATSA
Begiz Begi
Baga-Biga, 2016

Baionako taldeak, 2015eko Banden Lehiako irabazleak, hirugarren diskoa argitaratu du: Hatsa. Andoaingo Garate estudioan kasik zuzenean grabatu, nahastu eta masterizatu dute, modu analogikoan, Kaki Arkarazoren eskutik. Taldearen biolinak ikuspegi berritzailea ematen dio post-rockari; eta, gainera, diskoak tarteka uztartuta ditu ukitu sasi- edo post-progresiboak, malenkoniatsuak, lasaiak, pisu handiko pasarte indartsuak, instrumentalak eta euskal tradizioko doinu ohikoak zortziko itxurarekin. Sei kantu osatu dituzte baionarrek azken lanerako.

etxeETXE
BiZi
Autoekoizpena, 2016

Etxeren bosgarren lana da BiZi. Diskoaren izena horrela idazteak badu zergatia, hainbat keinu biltzen baititu: Bi, seme bikiengatik; Zi, hildako anaia Zigorrengatik; bizi, azken urteotan bizi izan dituen une latzen ondoren bizirik dagoela adierazteko. Musika uztear egon ostean, bueltan da berriz hamar kantuz osaturiko lanarekin, Iban Gurrutxaga gitarra jotzailea alboan. Aitor Gorosabelen kolaborazio esanguratsua ere bada tartean, Su Ta Gar taldearen Bizirik gaude diskoa entzunda ekin baitzion berriro musikari Etxek. Berak egin ditu abesti guztiak, Bi mila hitz izan ezik.