Kontsumoa

patxaranaTentuz ibili patxaranarekin!

Patxarana eskatu eta, horren ordez, basaran likorea jaso, bezeroak deus jakin gabe. Iruñeko tabernetan halakoak gertatzen ari direla jakinarazi du Gomez Salvador abokatu taldeak eginiko txosten batek. Talde horrek Nafarroako patxaran eskaintza aztertu du  eta, emaitzak dioenez,  kontsumitzaileei iruzurra egiten zaie askotan. Esaterako, azterketa egiteko, Iruñeko 39 tabernatan patxarana eskatu zuten, eta horietatik 19tan basaran likorea eman zieten patxarana balitz bezala. Zenbait supermerkatu ere ikuskatu dituzte, eta % 70ean bi edariak apal beretan nahasten dituztela egiaztatu. Bestalde, patxarana saltzen duten hainbat webgunetan patxarana delakoan basaran likorea saltzen dela ikusi dute. Berez, bi edariak legezkoak dira, baina badira aldeak bien artean. Printzipioz, etiketei erreparatuz bereiz daitezke. Alkohol mailari dagokionez, patxaranak 25 eta 30 gradu artean izaten ditu, eta likoreak, aldiz, 25 gradutik behera. Gainera, bata eta bestea ekoizteko arauak ezberdinak dira: tokiko markadun edaria da patxarana eta, ondorioz, arau zorrotzagoak bete behar ditu. Hala, Nafarroan bildutako basaranekin egin behar da. Likoreetan, aldiz, ez da zehazten basaranaren jatorria. Diru aldetik ere aldea agerikoa da: patxarana zertxobait garestiagoa da, eta zergetan gehiago ordaintzen dute patxaran ekoizleek. Hortaz, bi edariak nahastuta, kontsumitzaileei iruzurra egiteaz gain, Nafarroako Ogasunak diru gutxiago jasotzea ahalbidetzen da. Txostenaren arabera, azken lau urteotan Nafarroako Ogasunak 1,3 milioi euro jasotzeari utzi dio. Emaitzak ikusita, txostengileek neurriak hartzea gomendatu dute. Nafarroako Patxarana Arautzeko Kontseiluak ere, azterketarekin zerikusirik izan ez arren, ostalariengan duen konfiantza azpimarratu eta alde guztiek elkarlanean “jokabide onaren kodea sortzea” proposatu du. Bien bitartean, kontsumitzaileek adi ibili beharko dute patxaranarekin ez tronpatzeko... eta ez  hartutako kopatxo kopurua bakarrik neurtuta.