‘33 ezkil’, Miren Gorrotxategiren opera prima

gorrotxategi

Iaz Agustin Zubikarai beka irabazi ondoren kaleratu du Miren Gorrotxategik (Azpeitia, 1981) 33 ezkil liburua. Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak urtebeterako ematen duten bekari esker, eleberri hau idazteko diru-laguntza jaso zuen Gorrotxategik. Emaitza thriller generoko nobela da, idazlearen lehendabizikoa. Misterioz bildurik, hainbat gairi heltzen dio eleberriak: baserriko eta kaleko giroen arteko gatazka, belaunaldien artekoa, bikote harremanak, familiako gorabeherak... eta, tarteka, hilotzak eta hezurrak ere bai. Nobela hasten da protagonistetako batek, Ferminek, burezur batekin topo egiten duenean, aitzurrean ari dela. Etxean duela 20 urte gertatutakoa hartu du abiapuntu idazleak, osabari antzeko zerbait jazo zitzaiolako. Orduan, Aranzadikoek ondorioztatu zuten aurkitutako hezurdura Erdi Aroko gizonezko batena zela. Gertakizun hark nobela beltz baterako oinarriak zituela iritzita hasi zen Gorrotxategi lan hau idazten.


GATZA, MUSUA eta ODOLA dira Irati Jimenez idazle bizkaitarrak Txalaparta argitaletxearekin kaleratu dituen hiru liburuxken izenburuak. Duela urte batzuk Nabarra aldizkarirako egin zuen ariketa batean dute oinarria liburuok. Jimenez hiru hitz horien barruan sartu da, eta kaleidoskopio moduko zerbait bihurtu zaizkio, kontzeptuen gaineko begirada zabaltzearen ondorioz. Gatza: ozeanoetan dago, negarrean, kontserbatzailea da, paisaia ederren sortzailea, soldata... Musua: maitaleen keinu goxoa, baita adiskidetasunarena eta traizioarena ere, gaixotasun baten izena... Odola: bizitza ematen diguten bost litro, gizakion arimaren egoitza, hilekoaren inguruko mitoak, banpirismoa... Berba bakoitza hainbat testuingurutan jarrita landu du Jimenezek, liburuxkak narrazio laburrez, argazkiz eta irudiz osatzeko.

BIDEANBIDEAN IKASIA
Arantxa Urretabizkaia
Pamiela, 2016

Hondarribiko emakume talde batek 1993ean eskatu zuen lehen aldiz alardean parte hartzea. Idazleak gertakari haren osteko historia kontatu du: inor gutxi egongo da prestatua kalean irainak ozenki jasotzeko; iraintzaileak ere ez du, seguruenik, ohitura hori izango, baina ekintzek frogatzen dute hobeto egokitzen dela iraintzailea egoera horretara, berak sortua delako. Irainaren ezpatak, ordea, bi aho ditu, eta bigarrenak iraintzailea bera zauritzen du.

 

lisipeLISIPE
Oihana Etxebarrieta / Zuriñe Rodriguez
Susa, 2016

Euskal Herrian estatuaren aurkako borroka armaturako arrazoiak ez dira patriarkatuaren kontrako borroka armatua egitera daramatenak baino legitimoagoak. Aldiz, patriarkatuaren aurkakoa pedagogiaz eta kantuz armatu behar ei da, goxotasunez eta amatasunez, estatuaren aurkakoa ez bezala. Gudariak dira estatuaren aurka borrokatzen direnak. Patriarkatuaren kontra borrokatzen garenok, ordea, putak, traidoreak,  konbertsoak, burgesak...