Freeport

freeportAnder Olaizola
Elkar, 2016

B2 maila

Ander Olaizola ondarroarraren lehenengo liburuan, zigarroak erre eta garagardoak edan erruz egingo du irakurleak, nahitaez Joanes protagonistaren azalean jarrita. Izan ere, hura da jaun eta jabe, begi eta belarri bakar, hilketa baten harira kontrabandoaz, kasinoez, soldatapeko gorilez, ludopatiaz... diharduen istorio honetan. Irakurlea, beraz, harekin batera ibiliko da bueltaka Bilbotik Ondarroara eta alderantziz; jakin-minez batzuetan, zer gertatuko den ziur besteetan. Joanes patxadatsuaren beraren gisara, alegia, gehiegi korapilatu barik.
Hain zuzen, halakoxea da eleberria: mordoilorik gabea. Ekintzak bata bestearen atzetik datoz, pertsonaien arteko elkarrizketa ugari eta biziak bezala; ez dago hausnarketa sakonik, ez eta inoren iragan edota etorkizunari buruzko kontakizunik ere. “Hemen eta orain” gailentzen da une oro, eta arina suertatzen da irakurketa, ulerterraza. Pertsonaiek ahotan darabilten euskarak ere, kaleko eguneroko horrek, laguntzen du horretan, tarteka baten bat ondarroarrez aritu arren. Ez dadila kezkatu, beraz, euskara ikaslea: hiztegia aparte utzita gozatzeko aukera zoragarria dauka oraingoan.

Usoa Alberdi Fernández