20. Korrika sarean tipi-tapa

korrikaweb

2017ko martxoaren 30etik apirilaren 9ra, Otxandiotik Iruñera egingo du 20. Korrikak, euskararen aldeko aldarria eta AEKren lanari begirako babesa Euskal Herri osoan zabalduz. Motorrak berotzen hasi nahi duenak dagoeneko prest du www.korrika.eus webgunea: aurtengo Korrikaren nondik norakoak ezagutzearekin batera, aurreko edizioei buruzko informazioa ere jaso daiteke. Esaterako, deskargen gunean, besteak beste, aurreko Korriken abestiak jaits daitezke (aurtengoa oraindik ez, aurkezteke baitago). Horiez gain, ekitaldien agenda, online denda, Korrika Laguntzaile izateko atala eta 20. Korrikari loturiko irudiak ikusteko atal multimedia ditu guneak, baita Korrika oinarri sorturiko unitate didaktikoak jaistekoa ere. 20. Korrika gerturatu ahala, webguneak gero eta eduki osatuagoak izango ditu, noski.


tirabirakEUSKAL GATAZKA bineten bidez aztertzen duen Tirabirak transmedia proiektuak aurrera jarraitzen du, eta dagoeneko sarean da hurrengo urratsa: egitasmoaren hainbat atal biltzen dituen webdok-a. EHUko EMAN ikerketa taldeak bultzatu du ekimena, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzarekin batera, marrazkilarien lanen bidez euskal gatazkari eta eragindako ondorioei buruzko ikuspegi zabal eta integratzailea eskaintzeko xedez. Hala, 1977. eta 2016. urteen artean euskal gatazkari buruz argitaratutako binetak oinarri, hainbat ekintza antolatu izan ditu orain artean: erakusketak, ikastaroak, hitzaldiak... Urrats gehiagoren faltan, webdokak eduki gehiago bildu ditu: egitasmorako egindako 21 elkarrizketa; 1.200 binetako artxibo digital osoa; historia garaikideko gertakari nagusiak jasotzen dituen ardatz kronologikoa; bineta esanguratsuenak ezagutzeko bisitaldi birtuala; eta, azkenik, marrazkilarien sorkuntza prozesua. Webdoka www.tirabirak.eus gunean dago ikusgai.

LABURREAN

ZORTZI HIZTEGI terminologiko berri ipini ditu sarean Eusko Jaurlaritzak, honako gai hauei buruzkoak: energia berriztagarriak, bibliotekonomia, erregistro zibila, prozedura zibila, elektronika eta mikroelektronika, museologia eta museografia, zigor arloa eta espetxe zaintza, eta zeramika. Euskalterm Terminologia Banku Publikoan daude txertatuta, eta online kontsulta daitezke, baita  www.euskara.euskadi.eus guneko Hiztegiak atalean ere, PDF formatuan.

AUZIAAUZIA EUSKARAZ proiektuaren baitan, izen bereko aplikazioa sortu du Eusko Jaurlaritzako Justizia Administrazioko hizkun-tza normalizaziorako lantaldeak justiziaren arloan euskararen erabilera sustatzeko. Abokatu, prokuradore eta notario euskaldunentzat da bereziki, eta bi helburu nagusi ditu: hizkuntza juridikoko baliabideak eskaintzea eta arlo juridikoko eragile euskaldunen komunitatea sendotzea. Profesional euskaldunen zerrenda, terminologia juridikoa euskaraz kontsultatzeko datu-basea, Auzia Euskaraz egitasmoari buruzko informazioa eta erabiltzaile motaren araberako bestelako aukerak (inprimaki juridiko elebidunak, kontsulta pertsonalizatuak...) eskaintzen ditu. Auzia Euskaraz aplikazioa doan eskura daiteke Android eta iOS euskarrietarako.