Nora joaten dira egin ostean ikusten ez diren argazkiak?

Gaur egun, noiznahi egiten ditugu argazkiak. Noiznahi eta edozertarako. Aspaldiko laguna etorri dela bisitan? Klik!, argazkia.  Trena 10 minutu berandu datorrela? Klik!, argazkia. Nahi duzun motorra salgai daukan ezezagun baten kartela kalean ikusi duzula? Zenbakia apuntatu beharrean, klik!, argazkia. 
Argazki bilduma entziklopedikoak eramaten ditugu sakelakoan. Ba-tzuei 64 gigako memoria duten telefonoak ere txiki geratzen hasi zaizkie! Bitxiena da, nire kasuan bai, behin-tzat, argazki mordo horri gero oso gutxitan egiten diogula kasu. Nora joaten dira egin ostean sekula ikusten ez diren argazkiak?
Duela ez hainbeste, gauzak oso ezberdinak ziren: argazki 'domestikoak' une berezietan baino ez ziren egiten: oporretan, familia osoko juntadizoetan... eta, halakoetan ere, kontu handiz prestatzen ziren: “Ea, jarri zaitezte hor. Egin irri! Zu, apur bat ezkerretara! Geldi, geldi! Klik!”. Argazkia egitea zeremonia moduko bat izaten zen. Gero argazki dendara eraman behar ziren, eta atzamarrak gurutzatu, hainbeste lan kostatako argazkia ez ote zen mugituta edo belatuta aterako!
Jakina, hainbesteko zeremoniaren ostean lortutako irudiak maitasun handiz gordetzen ziren, etxe guztietan izaten ziren argazki bilduma dotore haietan. Erakutsi ere, halaxe egiten ziren, izugarrizko maitasunarekin; horrek ere bazuen bere zeremonia. Sofan eseri eta argazkiak banan-banan ikustea, bertan zegoen norbaitek irudiaren testuinguru osoa kontatzea, argazkian agertzen zen norbaiten inguruko txutxu-mutxuak zabaltzea...
Bitxia da, arretaz erreparatuz gero, nola eragin dion teknologiak etxeko argazkien munduari, ezta? Musikarekin gertatu den bezalaxe, argazkien kontsumoa ere azkartu egin da. Disko gogorrean, milioika kantu izan ditzakegu, baina oso gutxitan entzuten dugu haietako bakoitza. Bada, argazkiekin ere berdin: pilatu eta pilatu egiten ditugu, Diogenes sindromeak jota bageunde bezala, baina gutxitan hartzen dugu patxada sofan goxo-goxo eserita argazki horiei begira arratsaldea emateko.
Ai! Uste dut zahartzen ari naizela!

Loturak, estekak, linkak

http://sustatu.eus/1479286017
Googlek PhotoScan izeneko zerbitzu eta aplikazioa aurkeztu du berriki. Jatorri analogikoko argazki zaharrak erraz eskaneatzeko eta digitalak bihurtzeko aplikazioa. Badu zer hobetua, baina txukun samar dabil.

https://photos.google.com
PhotoScan hori Googleren Photos zerbitzuaren parte da. Argazki asko egiten badituzu, Googlek gorde eta antolatuko dizkizu... zure informazioa harekin partekatuz gero.

http://flickr.com
Argazkizalea baldin bazara, ezagutuko duzu seguruenik. Argazkiak online partekatzeko zerbitzuen aitzindaria, Instagram jaio baino askoz ere lehenagokoa! :)