Wharfe ibaia

julenJulen Gabiria

Justu duela urtebete, Jeanne D'arc Girubuntu txirrindulari ruandarrari buruz hitz egin nizuen zutabe honetan; haren izenari buruz, zehatzago esanda. Obsesioek beti kanpora irteteko bidea aurkitzen dutenez, gaur beste izen bat ekarri nahi dut: Lizzie Armitstead. Britainiarra, 27 urte, munduko ziklistarik onenetakoa: itzuli handietan ez da askorik nabarmentzen, baina egun bakarreko lasterketetan andre eta jabe izaten da, eta, une honetan, seigarrena da mundu mailako rankingean. Ez da edonor, bistan da.
Jaio zenean, Elizabeth Mary izena jarri zioten. Norbait hasiko zitzaion Lizzie deitzen haur larru txuriari, eta horixe geratu aurrerantzean. Lizzie izan zen, eta ez Elizabeth Mary, Wharfe ibaian irrist egin eta ia ito zena, Randy poneyaren gainean etxetik ihes egiten saiatu zena, Theo izeneko irakasle batekin zoro maitemindu zena. Elizabeth Mary ez zen inor, Elizabeth Maryk ez zuen inolako bizipenik Lizzie deitutako neska haren gorputzean. Lizzie da 15 urterekin bizikletan ibiltzen hasi zen neskatoa, Elizabeth Maryk ez du behin ere jarri oina pedalaren gainean.
Orain, Philip Deignan txirrindulari irlandarrarekin ezkondu da Lizzie, eta abizena galdu du, berak hala nahi izan duelako, Britainia Handian hautazkoa baita emazteak senarraren abizena hartzea: Lizzie Deignan da orain, sare sozialen bitartez jakinarazi duenez. (Parentesi bat eginda, beharbada hobe zen senarra bihurtu izan balitz Philip Armitstead, askoz ere abizen prestigiotsuagoa baita emaztearena, palmaresari erreparatuta besterik ez bada ere).
Ni, berriz, arduratuta nago, zeren Lizzie Deignan, Elizabeth Maryren antzera, inoiz ez baita bizikletan ibili. Ez dakit lortuko duen Armitstead zenaren mailara iristea, inoiz jasoko ote dituen besoak airera. Ez dakit posible ote den zure izen-abizenak kolpean ahaztea, iraganik gabeko izen batekin bizitzen hastea, sugeak azala aldatzen duen moduan, pausoaren arrastoa olatupean utzita, Wharfe ibaian itotzeko puntuan egon zen neska hura inoiz ezagutu ez bazenu bezala.