Ingurumena

swanNew Yorken ez dute beltxargarik nahi

Beltxargak jomugan jarri ditu New Yorkeko estatuko Ingurumenaren Kontserbaziorako Departamentuak. Izan ere, espezie inbaditzailea izaki, bertako ahate eta antzaren habitatak suntsitzen dituzte. Era berean, gizakiei ere eraso egin izan diete. Ondorioz, estatuko beltxargak akabatzea erabaki dute ingurumen agintariek. Orotara, 2.200 bat beltxarga hil nahi dituzte, baita haien habietako arrautzak suntsitu ere, gehiago ugaldu ez daitezen. Agintarien asmoak ika-mika piztu du estatuan, animalien eskubideen aldeko taldeak aurka agertu direlako. Zenbait elkarte kontserbazionistek, aldiz, babesa azaldu diote, erabaki gogorra izanagatik ingurumenaren babeserako beharrezkoa dela argudiatuta. Herritarren artean ere ez dira gutxi erabakiaren kontra agertu direnak. Nolanahi ere, salbuespenak ere aurreikusi ditu Ingurumenaren Kontserbaziorako Departamentuak. Hala, parke publikoetako beltxargak ez dituzte hilko, baldin eta haien ugalketa eragozten bada. Halaber, eremu pribatuetan bizi direnak ere bizirik utzi ahal izango dituzte, beti ere eremu horietatik atera eta ugaltzen ez diren bitartean. Animalia ikusgarriak direla eta, jende askok begiko ditu beltxargak. Alabaina, beltxarga arruntak espezie inbaditzaileak dira AEBetan. XIX. mendearen amaieran Europatik eramanak, ugaldu ahala bertako espezieak kaltetu dituzte. Horrenbestez, oraingoa ez da izango espezie hori kontrolatzeko egiten den lehen saiakera. 1993an, esaterako, antzeko kanpaina bat burutu zuten estatuko agintariek.