Egiaren argitara

aranzadi

Laurogei urteren ondoren, argi izpiak ailegatu dira Gazteluko Legarreko leizearen sakonera. Urrian, Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek Sagardia Goñi familiako zazpi kideren gorpuzkiak topatu eta atera zituzten osinetik, hala Gerra Zibila hasi eta gutxira gertaturiko hilketa bat argituta. Isiltasuna lagun, 80 urtez ahanzturan utzitako gertakaria bereziki iluna, beltza, izan zen: 1936ko abuztuaren 30ean, Juana Josefa Goñi emakumea, haurdun, eta haren sei seme-alaba desagertu ziren. Senarra eta seme zaharrena besterik ez zen salbatu, une hartan ez zeudelako Gaztelun. Leizera bota zituztela pentsatu izan da urte luzez, eta Aranzadik Nafarroako Gobernuaren babesarekin egindako indusketa lanek ustea berretsi dute. Orain, ondorengoek Donamaria-Gazteluko kanposantuan lurperatuko dituzte gorpuzkiak, senideen altzoan, bakean. Nolanahi ere, gorpuzkiak aterata ere, itzalpean jarraituko dute erailketaren inguruko xehetasun askok, eta zaila izango da basakeria hura guztiz eta zehatz-mehatz argitzea. Egia osoaren faltan, egia printzek bakea eta duintasuna ekarriko ahal dizkiete Sagardia Goñitarrei eta haien ondorengoei.