Kirol arriskutsuak

saltoaBASE jauziari mugak jarri dizkiote Chamonix herrian

Aurrerantzean, BASE jauzia ezingo da nolanahi egin Alpeetako Chamonix herrian (Frantzia). Ez, behintzat, jan-tzi hegodunak erabilita. Paraxutismoan jatorria duen arrisku-kirola da BASE jauzia, jausgailuarekin egiten dena (paraxutismoan, hegazkinetatik egiten dute salto; BASE saltoan, aldiz, leku finkoetatik). Badago, ordea, beste modu bat: jausgailuaz gain, jantzi hegodunak erabiliz egiten dena. Modalitate hori debekatu dute Chamonixen, urteon istripu ugari izan dituztelako. BASE jauzia egiten dutenen artean oso ezaguna da Chamonix. Mendi garaien artean dagoenez, eta haietara gerturatzeko teleferiko ugari dituenez, jauzilari ugarik jotzen dute bertara. Aurten, esaterako, 2.000 bat BASE jauzi egin dituzte herri inguruetan. Haatik, istripuak ere asko ugaritu dira. 2016an, oraingoz, bost hildako izan dira. Denek baliatu zituzten jantzi hegodunak. Azkena urriaren 3an hil zen: jauzilari errusiar batek Aiguille du Midi menditik (3.842 m) egin zuen salto, baina jausgailua ezin izan zuen zabaldu eta etxe baten kontra jota hil zen. Biktima gehiagorik ez zen izan, etxean inor ez zegoelako. Azken istripu horren ostean, herriko alkateak debekatu egin du BASE jauzia jantzi hegodunekin egitea. Kirola arautu egingo dute, segurtasun neurriak areagotu nahian. Baina arautegia zehaztu eta ezarri bitartean, debekuak indarrean jarraituko du.