Komunikazioa

‘Jendaurrean erabili’, publiko aurrean euskaraz hobeto komunikatzeko

Urtebeteko lanaren ostean, Soziolinguistika Klusterrak eta UPV/EHUk Jendaurrean erabili egitasmoa aurkeztu berri dute. Elkarlanean garatua, jendaurreko euskarazko komunikazioa errazteko eta hobetzeko xedea du, eta euskaraz jarduten duten erakundeentzat eta eragileentzat da. Izan ere, publiko aurrean euskara baliatzean, makina bat zailtasun eta arazo izan ohi dituzte horietako askok. Hori dela eta, egitasmoaren baitan sarea osatu dute jendaurrean euskara erabiltzen duten bederatzi erakunderekin: AEK, Adegi, Athletic, EHU, Gipuzkoako Foru Aldundia, ELA sindikatua, EITB, Getxoko Udala eta Bilboko Guggenheim Museoa. Iaztik, euren esperientzia eta zailtasunak partekatu dituzte erakundeok: arazoak, zailtasunak, ideiak, asmoak, aholkuak… Praktika komunitatean landutakoarekin,  ekintza eta ikerketa uztartuta, euskarazko komunikazioa aztertzeko eta hobetzeko bideak jorratu dituzte orain artean. Hala, jendaurreko komunikazioan euskara gehiago edota eraginkorrago erabiltzeko bitartekoak eskaini nahi zaizkie halako egoeran direnei. Orain, fase publikoan sartu da egitasmoa.  Hala, esaterako, www.jendaurrean.eus webgunean ezagut daitezke proiektuaren nondik norakoak. Ibilbide publikoari ekinda, bidenabar, proiektuaren zabalkundea egingo dute. Beraz, aurrerantzean, jendaurrean euskaraz aritzen den edo aritu nahi duen edozein erakunde edo enpresak parte hartu ahal izango du.