Euskara

medikuaMedikuen laurdenak ez dira euskaraz jarduteko gai UEMAko herrietan


UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko herrietan, lau medikutik bat ez da euskaraz aritzeko gai. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako osasun etxeetako profesionalen hizkuntza gaitasuna aztertu ostean jakinarazi ditu datuok UEMAk. Bertako lehendakari Josu Labakak ezagutarazi duenez, “guztira, 289 pediatra, familia eta larrialdi mediku daude UEMAko herrietan, eta horietatik 73 ez dira gai euskaraz aritzeko. Familia eta larrialdi medikuen artean, 233tik 53 ez dira kapaz euskaraz egiteko: % 22. Pediatren kasuan, berriz, 56tik 20: % 35”. Orotara, 76 herri dira UEMAko kide, eta 230.000 biztanle inguru batzen dituzte. Datuon bitartez, herritar horiek medikuarekin euskaraz jarduteko dituzten zailtasunak salatu nahi izan dituzte. 2013an, antzeko azterketa bat egin zuen UEMAk, eta Etxarri-Aranazko alkate eta UEMAko zuzendaritza batzordeko kide Enara Maizek azaldu duenez, “harrezkero osasun-etxe batzuetan egoerak hobera egin badu ere, beste batzuetan okerrera egin du edo bere horretan irauten du”. Hori dela eta, lankidetzarako proposamena egin die UEMAk Osakidetzari eta Osasunbideari, “egoera hobetzeko urratsak egin ditzagun”, Labakak zehaztu duenez.