Pirinioak

behiakDroneak abeltzain

Behi aziendak zaintzeko, droneak erabili nahi dituzte Estóseko haraneko (Benasque, Huesca) abeltzainek. Mendian aske dabiltzan behiak kontrolatzeko baliatuko lituzkete. Uneoro haien kokapenaren berri ez ezik, bestelako informazioa ere jasoko lukete abeltzainek gailu horiei esker. Esaterako, abelburu bakoitzaren tenperatura, animalien osasun egoeraz jabetzeko datu garrantzitsua dena. Finean, lana erraztuko litzaieke abeltzainei, azienden berri jakiteko egunero atzera eta aurrera ibiltzea saihestuko luketelako. Gainera, sektoreari bultzada emango lioke, galerak ekidin ahal izango dituzten heinean. Izan ere, proiektuaren garatzaileek uste dute behien heriotza tasa apaldu egingo dela. Animalien osasun egoeraren berri ia berehala jasoko dute abeltzainek eta, ondorioz, gaixotzen direnak edo erditzear direnak azkarrago artatu ahal izango dituzte. Hori ezinezkoa dute egun, denbora asko behar izaten dutelako animalien bila joateko eta ezin dituztelako uneoro izan zaintzapean. Funtzionamendua, ustez, erraza da: abelburu bakoitzari sentsore bat ipiniko zaio, eta sentsore horrek droneetara bidaliko ditu datuak; droneetatik gune zentralizatu batera igorriko litzateke informazioa eta, azkenik, handik abeltzainen sakelakoetara. Hori guztia oso denbora gutxian. Ixorigué (Benasque inguruko aragoieraren hizkeran belatz esan nahi du) izena ipini diote egitasmoari, eta oraindik garapean fasean dago. Dena dela, datorren urtean lehen probak egin ahal izango dituztelakoan daude. Funtzio gehiago ere ezarri nahi dizkiote, hala nola, larreen egoera aztertzeko aukera. Hori bai, bien bitartean, droneak erabiltzen ikasi beharko dute abeltzainek.