Bizikletak

skunklockLapurren kontra, goragalea eragiten duen giltzarrapoa

Egunerokoan bizikleta erabiltzen duenak ondotxo jakingo du: nahiz eta sendoak izan, gutxi dira lapurren trebeziatik salbu dauden giltzarrapoak. Kalean lotuta utzi ohi direnez, bizikletak harrapakin errazak izaten dira lapurrentzat. Horrexegatik, lapurretez nazkatutako bi lagunek giltzarrapo berezia sortu dute: hausten saiatuz gero, oka eragiten duen gasa askatzen du. Skunk Lock izenekoa, Daniel Idzkowski estatubatuarrak eta Yves Perrenoud suitzarrak asmatu dute. Beste giltzarrapo askoren antzera, U formakoa da, eta altzairu eta karbonoz egina dago. Desberdintasuna barruan topa daiteke. Ganbera txiki bat du, goragalea eragiten duen presiopeko gasa gordetzeko. Ondorioz, kandadua apurtzen edo mozten saiatzen denak gas zurrusta jasotzen du. Zehazki, giltzarrapoaren % 30 inguru mozten denean askatzen da gasa. Piper gasaren antzeko osagaiak ditu, eta, berehala oka eginarazteaz gain, arnasa hartzeko zailtasunak eragiten ditu. Sortzaileek azaldu dutenez, gasa guztiz legezkoa da, eta AEBetako zein Europako Batasuneko arauak betetzen ditu. Oraingoz ez dute egin probarik lapurrekin; bai, ordea, boluntarioekin, eta badirudi ez dutela arazorik izan. Merkaturatu ahal izateko, dirua biltzen ari dira crowdfunding bitartez. Dena dela, laster lortuko dute ziurrenik, dagoeneko bete dute-eta ezarritako gutxieneko kopurua.