Giza eskubideak

errefuxiatuakInoiz baino etorkin eta errefuxiatu gehiago hilko dira Mediterraneoan 2016an

Urteak dira Mediterraneoa hilerri erraldoia bilakatu zela. Miseria gorriti, gerretatik edota beste hainbat kalamitatetatik ihesi Europarantz etorritako milaka pertsona hil eta desagertu dira bertan azken urteotan. Bada, 2016a inoizko urterik okerrena izango omen da. Bai, behintzat, hildakoak zenbatzen hasi zirenetik. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak jakinarazi duenez, 2016an 3.740 etorkin eta errefuxiatu hil dira, gutxienez. Hots, nahiz eta urtea oraindik ez den amaitu, 2015eko datuak gainditzear dira. Iaz, 3.771 lagun hil edo desagertu ziren, gutxienez. Beraz, urtea amaitu bitartean, kopuru hori, tamalez, handitu egingo dela aurreikus daiteke. Datuok, gainera, ifrentzu askoz beltzagoa dute. Izan ere, iaz baino jende gutxiago saiatu da aurten Mediterraneoa zeharkatzen. UNHCR-ren arabera, 2015ean 1.015.078 lagun ahalegindu ziren zeharkaldia egiten; aurten, berriz 327.800, oraingoz. Hortaz, bidean hiltzeko aukera ia hirukoiztu egin da. Zergatiei dagokienez, hainbat aipatu ditu erakunde horrek. Batetik, Europara ailegatzeko baliatutako bideak: iaz, etorkin askok Turkia eta Grezia arteko bidea erabili zuten; aurten, ugaritu egin dira Libiatik Italiara jo dutenak. Bidaia luzeagoa eta arriskutsuagoa da bigarren hori. Bestetik, giza trafikatzaileek geroz eta ontzi kaskarragoak erabiltzen dituzte, eta, geroz eta jende gehiagorekin betetzen dituztenez, istripuak izateko aukerak izugarri handitzen dira. Aurreikuspen gordin eta gogorrak dira UNHCR-ek emandakoak. Askoz gogorragoa eta lotsagarriagoa da, ordea, hildakoen etengabeko isuriari irtenbiderik eman nahi ez dioten Europako herrialdeen utzikeria.