Negozioak

jacksonHilda ere, aberats

Urtero egin ohi duen lez, hil ostean diru gehien ematen duten hamahiru pertsonen zerrenda egin du Forbes negozio eta finantzei buruzko aldizkariak. Ondorengoei etekinak ematen dizkieten zenduen artean, diru gehien sortzen duena Michael Jackson abeslaria da. Azken urtean 825 milioi dolar eragin ditu bere abestien eskubideekin, batez ere, ondorengoek bere musika katalogoaren zati bat saldu dutelako. Ez da Jacksonek zerrendako lehen postua betetzen duen lehen aldia, izan ere, azken zortzi urtean sei aldiz izan da zerrendako lehena. Gainontzekoen artean ere asko dira ohikoak, naiz eta aurten hil diren zenbait ere ageri, David Bowie eta Prince musikariak, kasu. Zehazki, Jacksonen atzetik, honako pertsonaia ezagun hauek osatu dute zerrenda: Charles M. Schulz marrazkilaria (Snoopy eta Charlie Brown pertsonaien sortzailea, besteak beste), 48 milioi dolar sortuta; irailean hildako Arnold Palmer golf jokalaria (36,2 milioi dolar); Elvis Presley (24,4 milioi dolar); Prince (22,6 milioi dolar); Bob Marley (21 milioi dolar); Theodor Suess Geisel Dr. Seuss idazle eta karikaturagilea (20 milioi dolar); John Lennon (12 milioi dolar); Albert Einstein (11,5 milioi dolar); Betty Page pin-up modeloa (11 milioi dolar); David Bowie (10,5 milioi dolar); Steve McQueen aktorea (9 milioi dolar); eta, azkenik, Elizabeth Taylor, 8 milioi dolarreko etekinak eraginda. Horiek dira, modu friboloan esanda, kanposantuko aberatsenak.