Ingalaterra

urratsakGizakien oin-arrasto zaharrenetarikoak topatu dituzte

Europan gizakiaren berri ematen duten oin-arrastorik zaharrenak aurkitu dituzte Happisburgheko hondartzan, Norfolk konderriko kostaldean. Britainiar Museoak, Naturaren Historia Museoak eta Queen Mary Unibertsitateak sustatutako talde batek topatu ditu eta, ikertzaileen arabera, duela 800.000 bat urtekoak dira. Afrikatik kanpora, orain artean ez da giza oin-arrasto hain zaharrik kausitu. Zaharragoak badira, hiru oin-arrasto multzo, zehazki, baina hirurak Afrikan. Happisburghen, orotara, 50 arrasto inguru aurkitu dituzte. Horietatik dozena bat osatu samar daude, eta bik behatzen arrastoak mantentzen dituzte. Hainbat neurri dituzte eta ikertzaileek uste dute gutxienez bost laguneko familia bati dagozkiola. Hots, haur eta helduz osaturiko talde batenak direla. Oin-arrastoen neurrietan oinarrituta, gizaki haien altuera ere kalkulatu dute ikertzaileek: txikienek 90 bat zentimetroko garaiera izango lukete eta handienek, berriz, 1,7 metrokoa. Era berean, zenbait ikertzailek uste dute lotura izan dezaketela Atapuercan (Burgos, Espainia) aurkitutako aztarnekin. Alegia, Homo antecessor delako giza espeziearekin.