Osasuna

eskuakEskuak garbitzeak haur askoren bizitza salba dezake

Bost urtetik beherako 300.000 haur baino gehiago hil ziren 2015ean munduan, edateko ur eta saneamendu ezari loturiko gaixotasunen eraginez. Beherakoagatik eta antzeko gaixotasunengatik, zehatzago esanda. Haatik, UNICEF Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsak jakinarazi duenez, heriotza horietako asko keinu sinple batekin saihets daitezke: komunetik igaro ostean edota jatorduen aurretik eskuak xaboiarekin garbituta. Esku Garbiketaren Nazioarteko Eguna izan zen urriaren 15ean, eta orduan plazaratu zuen datua UNICEFek. Izan ere, erakundearen arabera, komunean izan ostean eta otorduak egin aurretik eskuak garbituta, % 40 murrizten da beherakoa izateko arriskua. Herrialde aberastuetan ez da aparteko arazoa izaten gaitz hori, baina herrialde txirotuetan heriotza ugari eragiten ditu. Gainera, eskuak garbituta gaixotasun larri gehiago ere ekidin daitezke. Esaterako, beti ere UNICEFek jakinarazitako datuen arabera, “hainbat zantzuk” adierazten dute pneumonia kutsatzeko indizea % 25 murrizten dela. Urtero, 1,7 milioi haur hiltzen dira bost urte bete baino lehen, pneumoniaren edota beherakoaren eraginez. Datu horiek guztiak aditzera emanda, eskuak garbitzearen garrantzia nabarmendu nahi izan du UNICEFek. Batik bat haurrei, familiei eta komunitateei egin die dei, haien esku baitago eguneroko ohiturak aldatzea. Nolanahi ere, herritarren gutxieneko bizi baldintzak ziurtatzea ez al da nazioarteko gobernu eta erakundeen ardura? Horiek hobe lukete eskuak garbitzeari utzi, eta arazoa konpontzeko lanean hasiko balira...