Elikadura

drinksAzukredun edariei zergak handitzea nahi du OMEk

Azukrea duten edariak garestitu, gutxiago kontsumi daitezen. Eskaera hori egin berri die OME Osasunaren Mundu Erakundeak nazioarteko gobernuei. Zehazki, azukredun edarien zergak % 20 handitzeko eskatu du, mota horretako edarien kontsumoa murriztu egingo litzatekeelakoan. Hala, mundu osoko gizentasun eta diabetes kasuak gutxitu egingo lirateke, OMEren iritziz. Izan ere, azken urteotan asko ugaritu dira bateko zein besteko kasuak. Zenbait herrialdetan, epidemia mailara iritsi direla uste du OMEk. Arazoari aurre egiteko, halako edarien kontsumoa gutxitzea ezinbestekotzat jotzen du osasun erakundeak. Hori dela eta, elikagai osasungaitzen kontsumoan zergek duten eragina aztertu dute. Tabakoarekin, gantzekin edota gatzarekin zenbait herrialdetan hartu izan diren neurriak eredu hartuta, edari azukredunekin gauza bera egiteko eskatu du. Gasdun freskagarriei ez ezik, zuku, edari energetiko eta antzekoei ere ezarri beharko litzaieke zerga. Mexikon 2014an egindakoa jarri dute adibide: azukredun edarien zergak handitu eta haien salneurria % 10 garestitu ostean, % 6 murriztu zen kontsumoa urte hartan. Erosahalmen txikiko pertsonen artean gehiago murriztu zen: % 17. Gizentasunari eta diabetesari modu horretan aurre eginda, munduan urtero milioika heriotza saihestuko direla nabarmendu du OMEk. Horrez gain, osasun artara bidera daitezkeen diru sarrera gehiago izango  dituzte herrialdeek.