Praktikatu eta Bizi jardunaldia

Azaroaren 4an izango da Bilboko Ondare aretoan Praktikatu eta Bizi jardunaldiaren III. edizioa, AEKren Praktikatu zerbitzuak antolatuta. Aurreko edizioetan, motibazioaren gaiari heldu zitzaion; aurtengoan, berriz, eragiteko errezetak topatzen saiatuko dira han batuko diren dinamizatzaile, euskara teknikari, euskara elkarteetako kide, euskaltegietako irakasleak... hizlarien laguntzaz eta psikologiaren ikuspegitik.
Horretarako, eremu biri erreparatuko diete: batetik, entzungo dute zelan ulertu, jokatu eta aritu behar dugun hirigune nagusiki erdaldunetan; bestetik, jakingo dute nolako garrantzia duen norberaren hizkuntz jokaerak arnasgune deritzegunetan, eta jardunbide egokiak ere ezagutuko dituzte. Lehen-lehenik, baina,  norberaren motibazioan zer den akuilu antzematen eta partekatzen ahaleginduko dira.
Jardunaldian, zenbait adituren ekarpenak entzuteaz gain (Eduardo Apodaka, Gemma Sanginés, Mikel Urdangarin eta Amaia Agirre izango dira bertan), ondoko kontuen gaineko gogoeta ere egingo dute: egitasmoen egoera, bidelagun zein bidelarien aktibazioa eta berbalagun programen moduko etorkizuna.