Ederrena jitekoa dela sumatzen dut!

itzainaJoana Itzaina, Bertsularien Lagunak elkarteko lehendakaria


Itzainak (Itsasu, 1981) 2010etik du lehendakari kargua.  Bertso saioetan, gai jartzaile ere aritzen da 2006tik. Ipar Euskal Herriko bertsolarien Xilaba txapelketak bosgarren edizioa du aurtengoa. Azaroaren 12an jokatuko da finala Baionan. Aurten, Xilabak Mattin bertsolaria omendu nahi du, haren jaiotzaren 100. urtemugan.

Gai jartzaile zabiltza Xilaban. Buruhauste handiko lana?
Buruhauste, ardura, bilkura luze eta duda andana, egia erran. Baina talde lanaren plazerak horiek gainditzen ditu, eta biziki gogoeta interesgarriak egiten ditugu elgarrekin. Eztabaida biziak ere baditugu artetan, hautu ausartak egiten ditugulako. Ez da bide on edo txarrik, geuk dugu norabidea hautatzen eta, adibidez, gai komikoa sartzen dugu gehienetan gai serioak erabili izan diren lekuetan: kartzelako gaian, adibidez.
Saio kopurua handitu duzue aurten Xilaban. Publikoak nahikoa plazarik ez, ala?
Ideia da bertsulariei kantatzeko parada gehiago eskaintzea, baina baita jendearengana heltzea ere. Ohartu gara lekuko jendea hurbiltzen dela etxe ondoko saiorat, zer den ikusteko ere. Pertsona horiek ez lirateke joango etxetik urrunagoko saio baten entzuterat, eta txapelketa giroak ere erakartzen ditu. Beraz, bertsua ezagutarazi nahi diegu. Bestalde, bertsu eskolako haurrak ere errazago joanen dira etxe ondoko saiorat. Adibidez, aurten, gonbit bereziak pentsatu ditugu bertsu eskoletako haur eta gazteendako, eta saioz saio ikusten ditugu, aita-amekin edo bakarrik helduta, bertsuak entzuterat. Elkartearen bertsu eskoletan, 250 haur pasa ibili dira aurten. Gero eta arrakasta handiagoa dute, eta gure lanaren mamia horretan da.
Gaztetasun horrek parekorik badu entzuleen artean?
Bai eta ez. Biziki kontent gara, entzule gazteak ikusten ditugulako saioz saio ibiltzen, baina badira ere adineko entzuleak, eta, hain zuzen, nahasketa hori da helburua. Bertsua aldatu da jendartearekin betan, baina funtsean betikoa da: euskaldunek urtez urte praktikatu eta maitatu duten artea.
Sei urte daramatzazu Bertsularien Lagunak elkarteko lehendakari. Atzera begiratuta, zer ikusten duzu?
Aitzinatu garela arlo batzuetan, beste batzuetan gutiago, baina besteek hasi lana taldean segitzea lortu dugula, behintzat. Bertsu eskola kopurua azkarki emendatu da, eskoletan eman tailerren kopurua ere bai... barne lanaren indartzeko egin hautu estrategikoa fruituak ematen ari da. Sustapen sailean, berriz, Xilabak egin du bere kadira hemengo bizitza kulturalean, eta horren funtzioa, batez ere soziala, ez da dudan emana, beharrezkoa iruditzen baitzaigu gure lurraldeetan.
Eta aurrera begira?
Hobetzekoak hobetu, bolondres taldea indartzen segitu, jende berriak sarraraziz, eta ideia berritzaileei bidea ireki! Adibidez, txapelketaz kanpo beste zerbaiten proposatzea dugu asmoa azken urte hauetan; horregatik hasi ginen Xanpiona antolatzen, helduen bertsu eskolen arteko ekimen parte-hartzailea. Bertsu eskolatik ateratzen diren gazteei plazak proposatzen ere badugu lana oraindik... Lorpen bat ospatu orduko, beste hamar erronka ditugu parean, ete horrexek motibatzen gaitu gehien!

Di-da batean
Gazte heldua da Xilaba? Bai, baina badaki geroaz gogoetatzeko denbora hartzen, eta ederrena jitekoa dela sumatzen dut!
Zerk alaitzen dizu eguna? Begirada batek!
Eta tristatu? Hautatu gabeko bakardadeak.
Zer izan nahi zenuen txikitan? Ostatu batean zerbitzari.
Orain, zer ez zenuke izan nahi? Asea, jakin-mina galdua duen norbait.
Zerk haserretzen zaitu? Geldikeriak.
Nork irabaziko du aurten Xilaba? Euskarak, beti bezala!
Mattinek burua altxatuko balu... Berriz ere hatsa kantu bihurtuko litzaioke!
M. Egimendi