Bizilagunak etxeko

Azaroaren 13ko bazkalorduak bereziak izango dira Euskal Herriko etxe ugaritan. Bizilagunak ekimenari esker, etxe bakoitzean, mahai bakarraren bueltan, bi familia batuko dira. Auzokideak izan arren, elkar ezagutzen ez duten familiak, elkar ezagutzeko gosez. Bertokoak batzuk, atzerritarrak besteak. Herri berean bizi izanagatik, elkarren ezagutza urria duten familiak. Etxe giroan, mahai beraren inguruan, berdintasunean, denak izango dira mahaikideak, denak bizilagun, denak etxeko. Elkarren berri izateko, elkar ezagutzeko, batzuk besteengandik bereizten dituzten hesiak apurtzeko. Horixe da SOS Arrazakeriak hainbat eragile eta erakunderen laguntzarekin antolatutako egitasmoaren helburua: bazkalorduan mahaiaren inguruan atzerritarrak eta bertoko familiak elkartuta, bertokoak eta berton bizi diren atzerritarrak elkarrengana hurbiltzea, elkarren arteko ezagutza sustatzeko eta, bide batez, batzuen eta besteen arteko bizikidetza baldintzatzen dituzten aurreiritziak desegiteko. Beldurrak eta uste ustelak uxatzeko eta elkarbizitzari ateak zabaltzeko. Aurten, bosgarren urtea izango du urtetik urtera hazten ari den ekimenak. Tokian tokiko elkarte eta erakundeekin sarean lan eginda, etengabe zabaltzen ari da. Geroz eta parte hartzaile gehiago, geroz eta herri gehiago. Hau da, geroz eta bazkari gehiago, jankide gehiago eta, beraz, aurreiritzi gutxiago. On dagigula! Eñaut Mitxelena.

bizilagunak

“Emozio positiboak sortzen zaizkie mahaikideei, eta aurreiritzien eragina murriztu egiten da”

SOS Arrazakeria elkarteko kide Tarana Karimek ondo ezagutzen du Bizilagunak ekimena, barru-barrutik. Lehenengoz martxan jarri zenetik hartu izan du parte; lehen lau urteetan, dinamizatzaile; eta aurten, ekimenaren koordinatzaile.

Koordinatzailea den heinean, oso lanpetuta izaten da azaroaren 13aren aurreko asteetan. Orduan egingo dira V. Bizilagunak ekimeneko bazkariak, beraz, ongi lotu behar da guztia. Urtetik urtera, gero eta parte-hartzaile gehiago izaten dira. Iaz, 220 bazkari egin zituzten, eta, hala, “familia kopuru bikoitza” izan zuten.
Hori guztiori koordinatu beharrean da Karim, leku bakoitzeko koordinatzaileen laguntzarekin. Lehenik, familiek ekimenean izena eman ahala, jankideak parekatu behar dituzte. “Saiatzen gara antzekotasunak kontuan hartzen, lehen harreman hori errazagoa izan dadin” argitu du. “Zaletasunak, adina, umeak dituzten, familiak ala lagun taldeak diren... Ahal duguna egiten dugu bazkarian euren arteko elkarrizketak atseginak izan daitezen, errazak, eta gustura egon daitezen”. Era berean, ahalegina egiten dute herri bereko mahaikideak biltzeko. Hala, “harremanari eutsiz gero, elkarrengandik gertu egon daitezen”. Finean, ahalik eta erraztasun gehien ematen saiatzen dira. “Halako bazkarietan, laguntasuna sortu ohi da. Familiek elkar ezagutzen dute, eta harremanari eusten diote: elkarri bisitak egiten dizkiete, etab”. Karimek bere esperientziaren berri eman digu: “Ni lau urtean izan naiz dinamizatzaile, zortzi familia ezagutu ditut, eta guztiekin dut harremana oraindik ere”.
Dinamizatzaileek zuzeneko harremana izaten dute familia parte hartzaileekin. Haien ardura da “elkarte antolatzaileen ordezkaria izatea bazkari bakoitzean”. Egitasmoko bazkari bakoitzean bat izaten da, eta dena ongi ateratzea dute xede. Horretarako, prestakuntza jasotzen dute, “beren ardurak zein diren erakusteko: zer zaindu behar duten, zer bete behar duten...”. Hasteko, dinamizatzailea “lehenbailehen” jartzen da harremanetan familiekin. Lehenengo, bisitariarekin; gero, anfitrioiarekin. “Hainbat kontu ezagutu behar ditu: elikadura aldetik zein berezitasun izan ditzaketen; alergiarik ote duten... Hori oso ongi zaindu behar da”. Bazkarian ere parte hartzen du:“Saiatzen da bazkarian sor daitezkeen isiluneak apurtzen, hizketarako gaiak planteatzen... Halakoak egiten ditu”.
Edonor izan daiteke dinamizatzaile, eta “oso erraza” da: “Bazkarira joaten zarenez, zeu izaten zara hitzorduaz gozatzen duen hirugarrena. Ez zara ikusle hutsa, baizik eta horren guztiaren parte. Gizarte honen aniztasuna ikusten duzu, aniztasun etnikoa, kulturala, linguistikoa... Oso momentu politak izaten dira, bizitzeko ederrak”.
Karimi gertatu izan zaion moduan, esperientziak arrastoa uzten du parte hartzaileengan. “Jendea pozik geratzen da, eta oso positibotzat jotzen dute”. Horren adibide, “askok errepikatu egiten dutela hurrengo urtean”. Iritziak jaso ohi dituzte, eta “iristen zaizkigunak oso emotiboak izaten dira batzuetan, polit-politak. Oso esperientzia indartsuak bizi izaten dituzte bazkari horietan”.
Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Psikologia sailak ikerketa egin ohi du urtero parte hartzaileen artean, eta ikerketok ere ekimenaren ondorio onuragarriak berretsi dituzte. Batetik, “emozio positiboak sortzen zaizkie mahaikideei, eta lehendik zituzten iritzi batzuk aldatu egiten zaizkie, alegia, aurreiritzien eragina murriztu egiten da”. Horrekin batera, “ikerketek jaso dutenez, enpatia garatzen dute parte hartzaileek”. Horixe da, hain zuzen, Bizilagunak ekimenaren xedea: guztiak diren heinean jendarte bereko kideak, “kanpotarrak eta bertako familiak elkarrengana gerturatzea nahi dugu, elkar ezagutzeko aukera ematea, eta, jakina, ezagutza horren bidez aurreiritzi, zurrumurru eta ikuspuntu txar guztiak desegitea”.
Horretan, parte hartzaileen etxeak baliatzea oso eraginkorra da. “Etxean, gure intimitatean, gu geu izaten gara. Horrexegatik nahi izaten dugu bazkariak etxeetan egin, gure gune intimo eta pertsonal horietan, batak bestea ezagutzeko leku oso egokiak direlako. Aurrez aurre ezagutzeko, hobeto ezagutzeko. Etxean, gure kultura, gure janaria, musika... aurkezten ditugu, bai eta gure burua ere”. Hala, etxeko girotik abiatuta, bidea ez ezik, helmuga ere argia da: “Hitz egin, ezagutu eta, horren bidez, elkarbizitza hobetu”.

testi

“Jendearen etxeetan plater beretik jateko aukera dugunean, orduan bai, beldurrak uxatzen ditugu”

Hernanikoak dira Juan Jose Uria eta Garbiñe Gigorro senar-emazteak, Nerea haien alaba, Aitor suhia eta Eñaut iloba. Hernaniarrak, halaber, Fatima Nciri eta Hamid Moussaid. Fatima 2008ko urrian iritsi zen herrira, eta Hamid senarra duela hiru urte. Batzuk zein besteak hernaniarrak izan arren, ez zuten elkarren berri. Iaz ezagutu zuten elkar, mahaiaren bueltan, Bizilagunak egitasmoaren baitako bazkarian. Hamiden hitzek azal dezakete bazkari hark eman diena: “Aukera polita izan zen pertsona horiek ezagutzea, eta egun lagunak gara, harreman mota hori daukagu”.

Nerea eta Aitorren etxean egin zuten bazkaria. Senar-emazteak eta Garbiñe arduratu ziren menuaz. Bertako janariak izan ziren nagusi: kroketak, entsaladilla errusiarra, arroza untxiarekin... Baita Fatimak eta Hamidek eramandako zenbait janari marokoar ere: kuskusa eta hostore betearen antzeko jaki  gazi-geza, pastela izenekoa. Ekarritakoak gustuko izan zituzten anfitrioiek, jankide guztiek esperientzia gustuko izan zuten moduan. Nahiz eta egun hartan ezagutu elkar, bazkaria hasi baino lehentxeago, hasierako urduritasuna eta beldurrak gainditu, eta esperientzia positiboa izan zen bi sendientzat. Ordutik, harremanean sakondu dute eta gehiagotan bildu izan dira. Adibidez, bazkaria egin eta hilabete pare batera, Fatima eta Hamidek egin zituzten anfitrioi lanak beste bazkari batean.
Fatimak eta Hamidek aldez aurretik ezagutzen zuten Bizilagunak egitasmoa. Hamidek bigarren aldia zuen iazkoa, eta Fatimak laugarrena. “Egitasmoa sortu zenetik parte hartu izan dut, behin izan ezik, ebakuntza bat egin berri zidatelako” zehaztu du Fatimak. Uria-Gigorro familiak, ordea, lehenengo aldia zuen.
Lehenago ala beranduago, ez batzuk ez besteek ez dute zalantzarik izan egitasmora batzerakoan. “Alderantziz: parte hartu nahi nuen” dio Fatimak. “Guretzat, atzerritarrak garen heinean, oso garrantzitsuak dira bazkariok eta mota horretako ekimenak. Bertakoek guri buruzko ideia batzuk dituzten moduan, geuk ere baditugu haien gainean, eta, beharbada, okerrak izaten dira zenbaitetan. Beraiei ere gauza bera gertatuko zaiela pentsatzen dut. Horregatik, halako bazkariak egiteko aukera dugunean, euren etxeetan plater beretik jateko aukera dugunean, orduan bai, beldurrak uxatzen ditugu. Aurreiritziak, batez ere, buruan ditugun ideia txarrak eta okerrak. Haien etxean sartzen zarenean, konturatzen zara buruan zenuena eta topatzen duzuna ez direla gauza bera. Hortaz, aukera paregabea da guretzat bertako jendea ezagutzeko, baita haientzat ere”.
Nerea ados ageri da Fatimaren hitzekin: “Guk ere baditugu aurreiritziak, eta horiek desegiteko asmoz-edo eman genuen izena. Hau da, elkar ezagutu nahi genuen, elkarren arteko hesi horiek kentzeko eta gure buruari askatasunez ezagutzeko aukera eman. Nik banuen horretarako gogoa”. Halako ekimenen bidez ez balitz, herrikide diren etorkinengana gerturatzea zaila dela onartu du Nereak. “Hernanin bada atzerritar komunitatea, baina gaitza egiten zait edonorekin harremanetan sartzea. Hortaz, alde horretatik, asko gustatu zitzaidan ekimena”. Juan Josek beste argudio bat gehitu dio euren erabakiaren azalpenari: “Historikoki hitz egin izan da integrazioaz, atzerritarrak herrira etortzen hasi zirenetik. Beno, bada, orain SOS Arrazakeriak aukera hau eskaintzen digunez, zer hobeto berau baliatzea baino integrazioaz hitz egiteko eta kulturek bat egiteko”.
Elkar ezagutzea helburu, batzuek eta besteek bizi ohi duten errealitatea erabat ezberdina baita. Fatimak azaldu duenez, “denetarik bizi izan dut. Jasoko dudan harrera dela-eta askotan sentitu izan dut beldurra. Edonon sartu, eta nola hartuko dute emakume marokoar bat? Egia esan, begi txarrez ikus ez gaitzaten, etorkinok ahalegin bikoitza egiten dugu. Onar gaitzaten, dena ongi egiten saiatzen gara. Baina, hala ere, maiz arrazakeria sentitzen dugu”. Adibideak ere eman ditu: autobusean adineko emakume bati laguntzen saiatu, eta hark nola ihes egin zion, esaterako. Halakoek min ematen diote, bistakoa denez: “Hemen bizi gara. Hainbat konturekin nahikoa sufritzen dugu. Hori gutxi ez eta, gainera, baztertzen bagaituzte edo gaizki begiratzen badigute, are okerragoa izaten da”. Hori entzunda, Juan Josek hitza hartu du, irmo: “Euskaldunok hobeto hartu beharko genituzke etorkinak; kasu honetan, afrikarrak. Elkartasun askoz ere handiagoarekin, europarrek erakutsi dieten horrekin alderatuta; izan ere, etorkinen auzia Europako lotsaizunik handiena izaten ari da azken urteotan”.
Halakoak eta beste izan zituzten hizpide iazko bazkarian. Nerearen hitzetan, “gaiak pixkanaka atera genituen. Hasieran, Hamidek kirola eta futbola oso gustuko dituenez, futbola zela-eta errazetik jo genuen, baina gero sakonago jardun genuen”. Esaterako, Fatima eta Hadimen jatorrizko herrialdeari eta kulturari buruzko galderak ugariak izan ziren. Nerearen hitzetan, “galderak eta galderak egiten aritu ginen, gehiena ezezaguna zaigulako. Haien erregeari buruzkoak, Marokoko funtzionamendua, emakumeen eskubideak... Haien kultura sakonago ezagutzen lagundu zidan bazkariak”. “Gure kultura azaltzeko baliatu genuen, eta aurrera egiteko aldatu beharko genituzkeenez hitz egiteko” gehitu du Fatimak. Jatorrizko herrialdeaz ez ezik, etorkin moduan Euskal Herrian bizi behar izan dutenaz ere mintzatu ziren: “Emakumea naizen aldetik bizi dudanaz, edota emakume marokoar batek, bakarrik bizi denean, pairatzen duenaz: ni bakarrik etorri nintzen hasieran, eta gaizki pasatu nuen. Bakarrik bizi den emakume marokoarrari gaizki begiratu ohi diote marokoarrek eurek, adibidez. Emakume moduan, ahalegin handia eskatzen digu hemen bizirauteak eta aurrera egiteak. Ez da erraza”.
Fatima eta Hamiden kezkak ere agertu ziren mahai gainean. Azken urtean, harremanari eustearekin batera, irtenbidea eman diete kezka eta arazo horietako zenbaiti. Juan Josek dioenez, Hamiden futbolzaletasunaren harira, “lortu dugu Zubipeko futbol zelaian txapelketa bat antolatzea etorkinen eta euskaldunen taldeekin. Ez da kontu sakon edo funtsezkoa, baina haien egunerokotasunean mesedegarriak zaizkie halakoak”. Antzera gertatu da Hamiden Daka De Issawa musika taldearekin: “Musika marokoar tradizionala jotzen dute, eta hori bultzatzeko aukerei ere heldu diegu. Ez zein izan erraza, baina lortu genuen Hernaniko herriguneko festetan, Karmengo jaietan, haren taldeak kontzertua eskaintzea”. 
Haatik, azken urtebetean esku artean ibili izan duten beste gai bat nagusitu zen elkarrizketan: kultur elkarte euskal-marokoarra abiatzea. Fatima oso pertsona aktiboa da, Hernaniko kultur dinamikan barneratua, eta elkarte hori sortu nahi zuen. Halere, zailtasunak zituen legezko elkarte gisa eratzeko.  Juan Josek lagundu die izapideak egiten eta, hainbat erakundetan bueltaka ibili ostean, “dagoeneko eman dizkigute baimen eta bedeinkapen guztiak, beraz, elkartea guztiz legala da. Hori oso garrantzitsua da beraientzat, hemendik aurrera nahi dituzten ekintzak antolatu ahal izango baitituzte. Orain artean, juridikoki elkartetzat hartzen ez zituztenez, zaila zuten ezer antolatzea, edo diru-laguntzak eskatzea... Baina orain bai, orain legearen babesa izango dute”. Horrekin batera, Hamiden egoera hobetzeko ahaleginak ere egin dituzte, aspalditik baitago langabezian, inolako laguntzarik jaso gabe eta, Fatimak lana badu ere, senarraren egoerak eragina du familiarengan.
Lehen bazkari hartatik sorturiko harreman emankorra ikusita, ez da harritzekoa denek esatea aho batez bazkaria “oso ongi” irten zela. Elkar ezagutzetik harago, "laguntzeko aukera eskaini digu, bai eta haien larruan jartzekoa ere, enpatia eragitekoa” aitortu du Nereak. Fatimak, bere aldetik, “integratuago” sentitzen dela dio. “Sentitzen dugu ez gaudela bakarrik, beste familia baten barnean gaudela. Berez ere lagun asko ditut, baina badakit, arazoren bat izanez gero, badaukadala nora jo. Ez zara sentitzen baztertuta”. Finean, Juan Josek dioen moduan, “gure irudipena da denok irten ginela bazkari hartatik oso inpresio positiboarekin”. Hamidek ongi laburbildu du: “Beraiekin mahai inguruan eserita, horrekin bakarrik, aseta sentitu ginen”.
Gustura daude Bizilagunak ekimenak emandakoarekin, eta errepikatzeko prest, nahiz eta, hainbat arrazoi tarteko, aurten ezin izango duten parte hartu. “Egun horretan ez, baina gure artean bazkariak egiten jarraituko dugu, ziur” gaineratu du Juan Josek. Baietz dio Fatimak, mota honetako ekimenen balioa nabarmentzeaz batera: “Integraziorako aukera polita dira. Protestaldiak ere beharrezkoak dira, baina hau askoz gizatiarragoa da, oso gertukoa. Munduko Arrozak ekimenarekin ere antzera gertatzen da: janaria tartean badago, askoz jende gehiago gerturatzen gara, kar-kar!”.