Turismoa: aukera ala arazo?

ikamika

Turismoa nabarmen hazi da azken urteotan Euskal Herrian. Aurtengo udan, esaterako, 1.155.775 bisitarik hartu dute ostatu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, iaz baino % 9,6 gehiagok. Turista gehien jasotzen dituzten hirien artean da Donostia. Erakundeak eta turismo enpresak baikor ageri dira eragin ekonomikoarengatik, baina turisten masifikazioak hiritarrengan eragiten dituen arazoak ere salatu ditu beste zenbaitek: auzo turistikoenetan gauez sortzen den zalaparta; bizilagunak ahaztuta, gero eta gehiago turistei eskaintzen zaizkien zerbitzuak; etxebizitza lortzeko zailtasunak areagotu izana, merkatua turismora bideratzearen ondorioz; prezioen igoera... Horrenbestez, turismo ereduaren inguruko eztabaida piztu da, turismoa aukera izatetik arazo izatera igaro litekeelako, herritarren kaltetan. Zure ustez, onura ekonomikoek konpentsatzen al dituzte arazoak? Gustura hartzen al dituzu turistak?
Donostiako Antiguako AEK euskaltegiko C1 mailako taldea


Turismoa onartzekotan ere, dirua uzten badu. Bestela, ez.
1. Josetxo


Nik uste dut arriskutsua izan litekeela ekonomia turismoaren baitan uztea. Turismoa asko mugi-tzen da egoera politiko edo sozialaren baitan. Ez da iturri finkoa.
2. Josean

Nire ustez, turismo handiak bertokoen bizimodua alda dezake: ohiturak, prezioak... Turisten etorrerak eragina izaten du prezioetan, beti ere goraka.
3. Rosa

Kanpora joaten garenean, geu ere turista izaten gara, geuk ere hango prezioak igotzen ditugu etxeak alokatzean, baina ez gara jabetzen.
4. Xabier

Ez dakigu nori uzten dion dirua turismoak, kaletarrok ez baitugu ikusten. Nork jasotzen du?
5. Jokin

Egia da turismoak arazoak ekartzen dizkigula, baina onurak ere bai. Donostiarako garrantzitsua da turismoari eustea, hortik jende asko bizi baita.
6. Helena

Nire iritziz, egoera kontrolatu egin behar da, kupoak jarri edo dena delakoa. Bestela, bertokoentzat jasanezina bihurtzen da.
7. Mariajesus

Turismoak Donostiako alokairuen prezioa igo du, askok nahiago baitute turistei alokatu hemengoei baino.
8. Esteban