Etxauzia, nafarren jauregia

etxauzia

Bi Nafarroen erdian dago Baigorri. Nafarroa Beherean egonik ere, iragan osoa Nafarroa Garaian du, eta denek ulertu dute bertako Etxauzia gazteluak nafarren etxea izan nahi duela, euskaldunon etxea, alegia.

Nafarroa, arragoa kantatu zuen Xabier Letek. Argiaren pausaleku, haizearen ibil-toki zabal, hesirik gabea. Horixe izanen da Etxauzia. Hesirik gabeko topalekua, nafar senaren argi-zuzia, herritarren energia berpiztu nahi duen haize-burrunba, euskaldun guztion altxorra.
Etxauzia gazteluarena 1.000 urteko istorioa da. Etxauz deituriko familia bat bizi izan zen han luzaz, Nafarroako erresumako nobleziako familia bat, hain zuzen ere. Aipamen zaharrena 1033. urtekoa da, Antso Handia Iruñeko erregeak Baigorri ibarraz arduratzeko jaun bat izendatu zuenekoa. Bertara bidali zuen eta lekua bizkonterri bilakatu zen.
800 urtez, 1832. urtera arte, Baigorrin bizi izan zen familia hura, azken jaunaren alabak ondorengorik izan ez zuen arte; hura hil ostean, gaztelua saldu egin zen. XIX. eta XX. mendeetan, salerosketa anitzeko garai zaila bizi izan zuen eraikinak, eta, 80ko hamarkadan, barnealdea suntsitu zuten altxor baten bila zebiltzan batzuek. 90eko hamarkadan, berriz, Baionako bikote batek erosi, eta erabat eraberritu zuen. 2003an, egungo jabeei saldu zieten gaztelua, Floridako (AEB) bikote bati. Europako egoitza da haientzat, baina helduak dira jada eta desjabetzeko asmoa adierazi zuten 2014an.
Hauxe da Etxauzia gazteluaren historia, Antton Curutcharyk kontatua. Ongi baino hobeto ezagutzen du Etxauzia historia irakasle baigorriar honek.
Ofizialki salgai izan ez arren, herri proiektu sendo bat egonez gero, negoziatzeko prest azaldu ziren jabeak; harrezkero, proiektua garatzen jardun du buru-belarri Curutchary ere kide duen taldeak. “2015. urtea elkartea antolatzen eman genuen: Etxauzia, nafarren etxea” dio. “Gauza bat da gaztelu bat erostea eta beste bat bizia ematea” zehaztu du.
Historiaren lekuko
Jauregiaren zati zaharrenak XI. mendearen amaierakoak edo XII. mendearen hastapenekoak dira, baina gazteluaren zati handiena berreraikia izan zen XVI. mendearen hondarrean. Barnealdea ere berrantolatu egin zen XVII., XVIII. eta XIX. mendeetan.
Zortzi mendean, ehunka jauntxo eta lagunen istorioak ezagutu izan ditu gazteluak, eta XVII. mendean, euskal literaturaren klasiko handiena argitaratu eta gero, pentsa liteke han irakurria izan zela. Hala, euskal literaturan klasikorik baldin bada, Axularren Gero da horixe, eta Bertrand Etxauzi eskaini zion, esker onez. Izan ere, 1600ean, Sarako erretoreak erretiroa hartu zuenean, Etxauzek Axularri eman zion kargua, eta horrek beti izan zuen Baionako apezpikua zenaren laguntza.
Dorre sendoak
Nafarren etxea prestatzen ari den taldeak erronka potoloa du aurretik, asmo handiko proiektua aurkeztu baitu. Gaztelua bezalaxe, lau dorretan oinarritua. Lehena, herritarrei irekitako gunea izanen da, liburutegi txiki eta ostatu batekin. Bigarrena, kultur zentroa. Goialdean, 300 lagun inguru biltzeko gunea dago, eta ikusgarriak eta ekitaldiak egiteko leku aproposa izan daiteke, hots, artisten egoitza. Bestalde, Nafarroako historia eta ondarea esplikatzeko interpretazio zentroa ere izanen da. “Egun, Iparraldean, ez dago deus Nafarroa Beherea nola antolatu zen eta mugak nola finkatu ziren azaltzeko” dio Antton Curutcharyk. “Muga oso berandu finkatu zen, XIX. mende erdian gatazka handiak egon baitziren laborariekin kintoa txerri arraza dela eta”. Azkenik, laugarren dorrea diasporari eskaini nahi zaio. “Baigorri aldean, XIX. mendean, hainbat gerraren ondorioz izugarrizko odolustea egon zen, eta, gainera, jende asko Ameriketara joan zen. Egun, ez dute gunerik haien sortetxea bilatzeko, artxiboak ikertzeko.... beraz, guk zerbitzu hori eskaini nahi diegu” gaineratu du Curutcharyk.
Euskaldun bat, euro bat
Denei irekia izanen da, ikerketa, aurkikuntza, berrikuntza eta sorkuntza gune berezia, harremanak egiteko tokia.... “Euskal etxeen ama” baten moduko txokoa.
Proiektu zinez potoloa denez, urte hasieran Euskaldun bat, euro bat kanpaina abiatu zuten dirua biltzeko. Euskaldun bakoitzak euro bat jarriz gero, hiru milioira iritsi, eta gaztelua eros liteke. Dagoeneko jende askok egin du ekarpena, baina oraindik helburutik urrun daudela onartu dute sustatzaileek, eta, ondorioz, beste bide batzuk ere hausnartu dituzte, besteak beste, enpresei zabaltzea eta mezenasak bilatzea. Jabeak ere negoziatzeko prest azaldu dira, eta herritarrak itxaropentsu daude.
Baina, baigorriarrez gain, milaka euskaldunek hartu dute engaiamendua, euskaldun guztion ondarea izan behar duela ulertuta; izan ere, nafarren etxea euskaldun guztion etxea da. Euskal nortasunaren gordeleku kutuna izateko bidean da Etxauzia.