Bandera gorria Zadorran

zadorra

Arabako ibai adierazgarriena da Zadorra, bai luzeran, bai hedadura hidrografikoan, eta, gainera, lurraldea egituratzen du, ekialdetik mendebaldera. Zadorra ibaiaren arroko urak biltzen ditu Uribarri Ganboako urtegiak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko etxeen % 50 hornitzen ditu. Halaber, nekazaritza hektarea ugari ureztatzen dituzte Zadorrari esker. Haatik, Arabako ibai nagusia egoera penagarrian dago; metal astunak, lindanoak, industria hondakinak eta gorotz-urak ibaiaz jabetu dira. Egoerari buelta emateko sortu zen maiatzean Zadorra Bizirik herri plataforma: "Gure ibaiak hiri edo industria biltegi bezala erabiltzen ari dira, eta uraren kalitatea arazo garrantzitsua bilakatu da"  nabarmendu dute. Estitxu Ugarte.

Bere iturburuan, Arabako Ekialdeko Lautadan, Zadorra ibaia "hilik" dago. Horixe salatu du Zadorra Bizirik plataforma sortu berriak; urrian, Arabako Batzar Nagusietako Ingurumen Batzordeko kideek salaketa berretsi zuten, tokian bertan, Agurain eta Dulantzi artean, Zadorra ibaiaren egoera ikusteko egin zuten bisitan. Harrituta itzuli ziren txango horretatik. "Bertatik bertara  ikustea zirraragarria da, hemen dagoena usaintzea... egoera jasanezina da" aitortu zuen Ana Salazar Ingurumen Batzordeko lehendakariak. Aguraingo eta Dulantziko ur araztegiak zaharrak dira, 30 urte baino gehiago dauzkate; inguruko herrietako biztanleria hirukoiztu egin den arren, ez dituzte eraberritu, eta, ondorioz, etxeko urak eta gorotz-urak Zadorrara joaten dira, zuzenean. Inguruan hazitako industrialdeetan sortzen diren hondakinak ere ibaira botatzen dituzte.
Zadorra Bizirik plataformak adierazi bezala, "txerritegia" bilakatu da Zadorra ibaiaren ibilgua Lautada aldean, "Aguraingo eta Dulantziko araztegietatik metal astunak, produktu arriskutsuak (lindanoa, kasu), industriako hondakinak, detergenteak, koipeak eta gorotz-urak isurtzen dira" zehaztu du herri plataformak. Gaineratu dutenez, baldintza horietan faunaren bizitza ezinezkoa da.
Lindanoa Gasteizen
Lautadatik Arabako mendebaldera egiten duen 78 kilometroko ibilbidean, Zadorra ibaiaren egoerak okerrera egiten du. Gasteiz bilakatu da ibaiaren etsai nagusietakoa. Arabako hiriburuan, orain dela hiru urte, minbizi sortzaileak antzeman zituen Ebroko Ur Konfederazioak ikerketa batean. Zehazki, lindanoaren deribatu bat aurkitu zuten Zadorran, HCH izeneko pestizida, toxikoa eta kantzerigenoa; Europako Batasunean debekatuta dago. Udalari neurriak hartzeko exijitu zion Konfederazioak.
Iaz, analisiak errepikatu zituzten, eta datu kezkagarriak agertu ziren berriro: Zadorra ibaian HCH substantzia kaltegarria antzeman zuten beste behin ere, eta, gainera, etengabeko isuria dela ondorioztatu zuten. Ikerketaren harira, Gasteizko Udaleko Ingurumen zinegotzi Alvaro Iturritxak adierazi zuen URA Euskadiko Ur Agentziarekin batera neurriak hartzeko prest zegoela, eta argitu zuen "ziurrenik" Gardelegiko zabortegitik ur zikinak igarotzen ari zirela ibaira. Hitz eman zuen hamabost gune "susmagarri" ikertuko zituztela, lindanoaren isurketa argitzeko eta geldiarazteko.
Gardelegi 1975. urtean eraiki zuten, eta 2015ean bi milioi euroko inbertsioa egin zuen Gasteizko Udalak zabortegia inpermeabilizatzeko eta ur zikinak ez joateko Zadorrara. Halaber, lixibiatuak jasotzeko sare berria egin zuten. Antza, obrak ez du arazoa konpondu eta Hiriburu Berdeak Zadorra kutsatzen jarraitzen du.
Udal oposizioak eta Zadorra Bizirik plataformak Krispiñanako araztegiari begiratu diote: Gardelegiko urak jasotzen ditu, baina emari handia dagoenean, ezin ditu lindanoaren antzeko substantziak iragazi. Podemos alderdiak eskatu du Krispiñanako egungo kudeaketa pribatua aldatzeko eta udalaren esku uzteko, horrela kontrolak zorroztu ahal izango dituztelako.
Bestalde, Zadorra ibaiaren babeserako herri plataformak nabarmendu du Gardelegiko lindanoa ez dela Zadorrak Gasteizen duen arazo bakarra, eta salatu du Eskalmendin, hainbat urbanizaziotan, gorotz-urak isurtzen ari direla inongo kontrolik gabe.
Lokatz toxikoak Tresponden
Gasteiztik harago, Zadorrak Ebrora isurtzen ditu kutsatutako urak, Zanbrana aldean. Hara iritsi baino lehen, Iruña Okako herri txikietan zabor arrastoak uzten ditu ibaiak. Iragan uztailean, esate baterako, Bilodako bizilagunek salatu zuten isuri kutsakorra izan zela Tresponde herriaren parean; dozenaka arrain eta karramarro hilik aurkitu zituzten. Plataformak ohar baten bidez zabaldu zuenez, "milagarrenez" isuri kutsakorra izan zen Gasteiztik haragoko uretan, eta "zigorgabetasuna" kritikatu zuen.
Tresponde herrian bertan, Zadorraren lokatz toxikoak gertutik ezagutzen dituzte, aspaldi. Herrian dagoen zubi erromatarrak hamahiru zubi-begi ditu, baina erdiak baino gehiago estalita egon ohi dira, landaretzak eta metro bateko garaierako lokatzek buxadurak sortzen dituztelako. Zadorra ibaiak gainezka egiten duenean (neguan maiz gertatzen da), lokatz toxiko horiek herriko umeek erabiltzen dituzten zabuetara, futbol zelaira eta baratzeetara zabaltzen dira.
Hamar urte daramatza Trespondeko Kontzejuak Zadorrako lokatzak kentzeko eskatzen, baina orain arte ez du erantzunik jaso. Duela urte batzuk, diru-laguntzak lortu zituen lokatzak Zadorratik ateratzeko eta inguruko lursail batean biltzeko, baina Eusko Jaurlaritzak baimena ukatu zion, lokatzetan metal astunak eta gai toxikoak eta arriskutsuak zeudelako. Enpresa espezializatu batean tratatu behar zirela esan zuen, baina horrek dirutza handia eskatzen zuenez, gaur arte ezin izan dute inongo administrazioaren laguntza jaso lokatzak kentzeko.
Zadorra ibaiarena ez da kasu bakana. Azken urteotan, Arabako ibaiak erabat aldatu dira, "udal araztegien eta industria kimikoen hondakinen eraginez", plataformaren esanetan. Halaber, nekazaritzan era masiboan erabiltzen diren pestizidek eta ongarri kimikoek eragin handia dute ibaietan, "euria egiten duenean, kimiko horiek ur azpira joaten direlako". URA Euskadiko Uraren Agentziak arrazoia eman die: "Arazo handia dago. Araban, 780 isurketa ditugu, eta % 70 etxeko ur zikinak dira; horrek itzelezko eragina du Zadorraren egoera kaskarrean". Agentziaren irudiko, batik bat administratiboa da arazoa, uraren kudeaketan administrazio askok hartzen dutelako parte Araban (Udalak, Kuadrillak eta Batzar Administratiboak).