2 Cultural Test for Film

paiaXabi Paia

Imajinatu Ingalaterrako zinema gainbehera doala, hau da, inork ez duela Britainia Handian egindako filmik ikusten; Amerikako Estatu Batuetako filmek arrotz bihurtu dute etxean zinema ingelesa. Imajinatu Downing Street kale ospetsuko hamargarrenean bizi zarela, hau da, herrialdeko lehen ministroa zarela; zure lurraldeko zinema babestu beharrean zaude. Zer egin? Demagun neurririk agerikoena bururatzen zaizula, hau da, zure zinemari laguntzeko diru-laguntzak eskaintzen dituzu. Bikain… baina, zer da “zure” zinema? Zer da zinema ingelesa? Filma Erresuma Batuan grabatuz gero, aski ote da? Zuzendaria Ingalaterran jaioa izatea ere ez legoke gaizki, ezta? Ingalaterran jaioa baino ez ala bertakoa eta ingeles hiztuna izan behar? Uste baino zailagoa da kontua…
Bada, utzi imajinazioa alde batera, aurreko suposizio horren emaitza ezin egiazkoagoa baita. British Film Fund erakundeak aspaldi sortu zuen test bat filmen britainiartasuna neurtzeko: Cultural Test for Film, Filmentzako Kultur Testa. Galdetegiak lau arlo jorratzen ditu: edukia (gaia, paisaia eta hizkuntza balioesteko), ekarpena (britainiar kulturari edo sorkuntzari egiten diona ebaluatzeko), gunea (estudioaren kokapena edo soinu-bandaren jatorria neurtzeko) eta eragileak (filmaren egileen ezaugarriak zehazteko). Gehienez 31 puntu eskura ditzake film batek, eta diru-laguntzak jasotzeko hautagai izendatzeko gutxienez 16 bildu behar ditu. Deigarria da munduko ele hedatuenaren sehaskak neurriak hartu beharra Ingalaterrako ikus-entzunezko kultur ekoizpena babesteko, baina… eta antzekorik proposatuko bagenu euskal zinema sustatzeko? Izan ere, gaztelaniazko “cine vasco” delakoak ez du zertan “zinema euskalduna” izan euskaraz… Gurean badira grabazioa gaztelaniaz egin duten gidoi euskalduneko filmak, edo zinegile euskaldunek zuzendutako gaztelaniazko pelikulak… Lehenetsi beharko ote genuke euskaraz grabatutako zinegintza? Ez naiz ni izango hiru letratxutan halako erabakirik hartuko duena, baina langintza zail horri heldu nahi dionak eskura du sarean British Film Fund erakundearen Cultural Test for Film.