Mutur Beltz, artea Karrantzako artileaz

muturbeltz

Mutur Beltz egitasmoa artetik abiatzen da agroekologia lantzeko. Laurita Siles eta Joseba Edesaren bizi-proiektua da, “artea jaten eta janzten dugunarekin lotua”. Joseba Enkarterrietako artzain-familia bateko semea da. Laurita, berriz, artista andaluziarra. Josebaren aitaren ardi muturbeltzak abiapuntu, haien artilea artearen bidez balioesteko helburua du bikoteak. M. Egimendi.

Karrantzako muturbeltz ardi mota desagertzeko zorian dago. Artzainak ere, gero eta gutxiago. Batzuk ageri dira Silesek egindako dokumentalean. Ez alferrik, krisi ekologikoak eta sustraiak galdu izanaren nostalgiak kezkatzen baitute Laurita. Halere, dokumentala egin aurretik erabaki zuten Mutur Beltz egitasmoa martxan jartzea, Josebaren aita Jose Antonio Edesaren laguntzarekin. Ardi muturbeltzen ilea gaur egun ez da ezertarako erabiltzen, eta arazo bihurtzen da botatzea ardiei ilea moztu ostean. Ile horrek propietate asko dituenez (hezetasunaren eta zarataren aurkako isolatzailea da, kosmetikoak egiteko erabiltzen den lanolina substantzia dauka...), etekina nola atera pentsatzen zebiltzala, Laurita Islandiara joan zen helARTE es morirte de frío izeneko egitasmoagatik lortutako beka bati esker: “Ordurako, banuen iruten ikasteko gogoa, beraz, ustekabe ederra hartu nuen bizitoki izan nuen egoitzan goru bat aurkitu, eta bertako zuzendariak iruten zekiela jakin nuenean! Hark irakatsi zidan”. Horrek berak bota zion, halaber, HelARTE es morirte de frío eta Mutur Beltz egitasmoen arteko zubia izango zen atsotitz islandiarra: “Beharrak irakasten dio iruten emakume biluziari”. Artilea lantzen duten emakumeen kooperatiba bat bisitatu, eta Lauritak bertan erosi zuen iruteko ardatza: “Horrekin egin nuen nire lehen harila Josebaren aitaren ardien ilearekin”.
Haril haren atzetik etorri zen beste guztia: dokumentala, txapelak eta txalekoak, iruleen topaketa... Ardi muturbeltzak ondo ezagutu nahian, Silesek hainbat elkarrizketa grabatu zituen bideoz: “Haien artilea landu nahi banuen, ezagutu egin behar nituen. Artzainak eta iruleak elkarrizketatzeko ordu gutxi batzuk beharko nituela uste nuen, baina bai zera! Bazkaltzera gonbidatzen gintuzten, baserri osoa erakutsi... Azkenean, elkarrizketa guztiak dokumental batean bildu nituen eta egitasmoa osatzeko balio izan zuen grabazioak”. Aurkeztu ere egin zuten, eta atentzioa eman zion Silesi ardiekin jarraitu nahi ez duten belaunaldi gazteen harrerak: “Dokumentalean gurasoak ikusi zituztenean, eta jendea txaloka, beste modu batez begiratzen zieten, haien lanaren garrantziaz jabetuta edo”.
Gauza bera gertatu omen zen pasa den ekainean ere, Euskal Herriko iruleen lehen topaketan, Avascane elkarteak antolatutako ardi muturbeltzaren inguruko III. monografikoan: “Encarnari omenaldia egiteaz gain, ehuleek poltsa bat eta bufanda bat egin zituzten iruleek ardi muturbeltzen ileaz egindako hariaz, eta horien zozketatik atera genuen elektrotxarangari ordaintzeko dirua. Leku askotatik etorritako oso jende mota ezberdina bildu zen, eta sekulako arrakasta izan zuen topaketak. Hurrengo goizean, bertako zaharrak egin genuen performanceari buruz hizketan zeuden! Horrela jarraitzeko asmoa dugu, artearekin gero eta gehiago lotuta; izan ere, arteak aukera handiak ematen ditu gai politiko, soziologiko edo ekologikoei buruz mintzatzeko, bai eta artilearen moduko generoei balio erantsia emateko ere”.
Artilea lantzen
Dokumentalaz eta topaketaz gain, txalekoak eta txapelak (Txapel Muxu izeneko bi burukoa tartean) egin dituzte muturbeltzen artilearekin. Gehiago ere egingo omen lituzkete, baina momentuz ezin dute horretan jardun, lan handia delako.
Halere, Mutur Beltz egitasmoaren “izarrak” biziRueka eta biziKarder izeneko tramankuluak dira. Iruten ikasi zuenean, Silesek goru bat egitea pentsatu zuen bizikleta piezak birziklatuz, bizikleta estatiko baten antzeko makina bat. Proiektua Bilbo Arten aurkeztu zuen ekoizpen beka baterako, eta onartu egin zioten. Nola egin pentsatzen zebilela, zorrotzaile batekin topo egin, eta ideia aldatu zuen: “Bizikleta izan behar zuen, baina ez estatikoa!”. Tailer piloa bisitatu ostean, Interneten bila hasi, eta “Malagan bicilicuadora bat eta biciarpa bat egin zituen txiletar bat aurkitu nuen, Ariel”. Bilbo Arteren laguntzaz joan zen hara: “Nik zer nahi nuen azaldu eta Arielek egin zituen biziRueka eta biziKarder-en egiturak. Kardatzeko makina artisau ingeles bati erosi nion. Gorua, berriz, Galiziako ebanista batek, Luisek, egin zuen azken orduan. Ariel eta Luisengatik izan ez balitz… Dena den, Mutur Beltzen dena da halakoxea, Josebak eta biok egiten ditugun gauzen atzean beti egoten da jende piloa”.
Leku askotara gonbidatu dituzte bi tresna horiek erakarrita: “Helburua da artileari balioa ematea, eta horretara oraindik ez gara iritsi, baina, askotan, jendearen sentsibilizazioa lortu dugu. Performanceak egitean, adin guztietako jende piloa inguratu zaigu, ehule askorekin jarri gara harremanetan, irule topaketak antolatu nahi ditugu gure artilearekin lan egin dezaten... Gure kezka bera duen jendea aurkitzea handia izan da, funtsezkoa, bakarrik ezin baita”.
Bikoteak, hortaz, artilearen inguruan ikertzen jarraitzen du: “Artile hau nahiko latza da berez; onena aukeratu behar da haria egiteko. Ikastaro bat egin nahi dugu artzainekin, datorren urtean artilea erosten badugu, jantziak egiteko, gehiago ordainduko genukeelako hautatutako artileagatik. Artzainek hori ikasten badute, ondorengo prozesu osoa errazagoa da. Dena den, oraindik ideia bat besterik ez da”. Kataluniako Xisqueta egitasmoa dute erreferenteetako bat: “Galzorian dagoen xisqueta ardiaren artilearekin egiten dituzte euren produktuak. Xisqueta logela bat dago Pirinioetako nekazaritza turismoko etxe batzuetan, eta koltxoia, kuxinak, lanparak… eurenak dira. Inguruko artzain eta artisauei prestakuntza eman diete, eta horrela lortu dute biztanle askok hirira alde egin beharrik ez izatea”.
Bestalde, Sarako Iletegia egitasmoa abiatu duen bikotearekin ere jarri dira harremanetan, antzeko lana egiten dutelako brebis ardiaren ilearekin, nahiko latza hura ere: “Artilea modu ekologikoan garbitu nahi dugu eta, orain garbitoki askotan lixiba erabiltzen denez, pentsatzen ari gara bion artilea batzea garraio eta garbiketa prozesua merkatzeko”. Etorkizunerako planak, beraz, nahi beste. Mutur Beltz egitasmoak ardi muturbeltzen etorkizunari lotua jarraituko du.