Hezkuntza mugaz gaindi

eskola

Ama Lurrak maitasunez sortu zituen Arnegiko (Nafarroa Beherea) eta Luzaideko (Nafarroa Garaia) paraje berdeak. Nonahi sumatzen da naturaren edertasuna, eta lurrarekiko amodioa belaunaldiz belaunaldi transmititu izan da Pirinioetako mendien magalean eta Errobi ibaiaren alboetara bizi diren herritarren artean. 2016/2017 ikasturtetik aurrera, zuhaitz berri bat izango da leku horretan. Ezagutzaren arbola izango da, arnegitarrek eta luzaidarrek elkarrekin landatu dutena, hain zuzen. Izan ere, aitzinetik bi herriak banatzen zituen muga gainditu, eta beren eskolak batu dituzte hezkuntza proiektu berri bat martxan jartzeko. Euskara, gaztelania eta frantsesa ditu adar nagusi. Mugaz gaindiko lehenengo eskola izango da. Arkaitz Almortza.

Sustraiak errotzen hasiak dira dagoeneko. Poliki-poliki bada ere, Euskal Herriko Pirinioetako paraje  eder honetako lurrari lotzen ari zaizkio. Arnegi (Ipar Euskal Herria) eta Luzaide (Hego Euskal Herria) ari dira elkarrekin hezkuntzaren arbola zaintzen. Erronka ez da izan makala.  Bi eskoletako zuzendariek eta irakasleek urtebete eman dute lurra lantzen. Luzaideko eskolako zuzendari Anabel Elizondok azaldu legez, proposamena Iparraldetik iritsi zitzaien. “Frantzian eta Ipar Euskal Herrian, hezkuntza sistema aldatzen ari dira. Herrietako eskola txikiak batzen ari dira, itxi ez daitezen”.
Horiek horrela, Arnegiko eskola hurbilen duen herriarekin batzea proposatu zuten, Luzaiderekin, hain zuzen. Izan ere, bi herrien artean 3.4 kilometro besterik ez dago. Baina, ama beraren seme-alabak izan arren, bi administrazioren menpe daude eskolak: bata Pirinio Atlantikoetako Departamenduarena da, eta bestea Nafarroako Gobernuarena. Alabaina, 500 urte inguruko mugak ez die oztoporik ipini ezagutzaren arbolaren hazia landatzeko unean, bi erakundeek babestu baitute ekimena.
Proiektuak bultzada eman die herrietako eskolen etorkizunari. Bien artean, Arnegikoak bizi zuen egoera gaziagoa. Antza, ikasle eskasiagatik (23 daude egun), ateak ixtear egongo zen gutxi barru. Horregatik, ondoko herrira jo aurretik, Donibane Garazi inguruan (Arnegitik 8 kilometrora dago) saiatu ziren irtenbidea bilatzen, baina leku eza zela-eta Maule zuten aukera bakarretakoa. Luzaideko egoera, berriz, landa eremuko eskola batekoa zen. “Hemen, ez dugu inoiz esan eskola itxiko dela. Egia da ez dagoela haur askorik (13 ikasturte honetan), baina hori oso arrunta da landa eremuetako eskoletan”.        
Programa bateratua
Ezina ekinez egina lortzen dela dio esaerak. Horren lekuko dira Luzaideko eta Arnegiko eskoletako zuzendariak eta irakasleak. Ikasturte berezi hau martxan jarri ahal izateko, programazio bateratua jarri behar izan dute abian, hots, bi hezkuntza sistemetako iturrietatik edanez sortu dute beren programa. Atzean utzi dituzte hamaika bilera, eta alimaleko sukaldeko lana bi herrietako ikasleei zerbitzurik onena eskaintzeko. Hala, bakoitzaren nahien arabera, programa bateratua sortu dute. “Logikoa denez, haur hezkuntzan ez dago alde handirik, ezta lehen hezkuntzako aurreneko zikloetan ere” azaldu du Elizondok. “Bai helburuetan, baita gaitasunetan ere, nahiko antzekoak dira han eta hemen. Agian, metodologian egon daiteke ezberdintasunen bat, baina hitz eginez adostasunera iritsi gara” azpimarratu du Elizmendik.
Goizetan, Arnegiko haur hezkuntzako ikasleak joaten dira Luzaidera. Bertan, eskolak euskaraz jasotzen dituzte, Luzaideko haurrekin batera. Lehen hezkuntzakoak, berriz, Nafarroa Beherean geratzen dira. Fernando Hualde Luzaiden bizi da, eta herriko eskolara eramaten ditu seme-alabak. Oso baikor ageri da proiektuari dagokionez. “Arnegikoek euskara irabazi dute” nabarmendu du. Izan ere, aurtengo ikasturtera arte, eskola frantsesa zen Iparraldekoa. Orain, ordea, eskola elebiduna izango da. “Aldaketak mailaka egingo dira, poliki-poliki, ezin da sistema osoa egun batetik bestera aldatu” dio Anabel Elizondok. Euskararekin batera, txikienek frantsesa ere landuko dute.
Arratsaldean, berriz, Hegoaldeko Lehen Hezkuntzako helduenak joaten dira Arnegira frantsesa ikastera, bertako ikasleekin batera. Nafarroa Garaiko eskolan, proiektua sortu aurretik, euskara, gaztelania, frantsesa eta ingelesa irakasten zituzten. Hemendik aurrera, baina, bestelakoa izango da atzerriko hizkuntzak eskaintzeko sistema. Halaxe azaldu du Luzaideko Peio Beloki irakasleak: “Kanpoko hizkuntza balitz bezala irakasten zena ama hizkuntza gisa erakutsiko dugu; hala, hizkuntzei eskainitako ordu kopuruak gora egingo du”. Bide horretan, zera nabarmendu du Elizondok: “Elkartruke honi esker, gure ikasleek (Luzaidekoek) frantsesa ikasiko dute. Nahiz eta Arnegin Historia edo Natur Zientzietako eskolak jaso, guretzat frantsesa lantzea izango da”. Iparraldekoek, berriz, gaztelania eskolak.
Egutegiari dagokionez, Errobi ibaiaren alde bietako eskola bakoitzak berearekin jarraituko du. Hau da, ez dute aldatuko, eta nork bere jaiegunei eutsiko die. Beharbada, gai hori izan dute buruhauste handienetakoa, baina ederki konpontzen ari dira: “Esaterako, urriaren 12a jaieguna izan zen Hego Euskal Herrian, beraz, ez zen eskolarik egon; Iparraldekoak, aldiz, eskolara joan ziren. Halako kasuetan, proiektua eten egiten da, eta ikasleak ez dira dagokien eskolara joaten” azaldu du Belokik.
Oro har, proiektuak oso harrera ona izan du bi herrietan. Egia da hasieran kezkaren bat edo beste sortu zela, baina zalantzak emeki-emeki argituz joan dira. Adibidez, gurasoek garraioari edota erlijioa ikasgaiari buruzko galderak egin zituzten. Ikasleek  joan-etorrian ibili beharko dutenez, kezka sortu zuen hasieran. Halere, dagoeneko badute autobus zerbitzua eskola batetik bestera joateko. Erlijio ikasgaia, berriz, Luzaidekoek baino ez dute izango, hala hautatuz gero. 
Hau guztia abiatu aurretik, bi eskoletako zuzendariek eta irakasleek argi zuten ezer egin baino lehen gurasoen oniritzia jaso behar zutela. Nafarroa Garaiko Gobernuak ere horixe nabarmendu zien hastapenetik. Lortu dute. Lehenengo egunetik egon dira zuhaitza sortuko den lurra lantzeko lanen ondoan. Halaxe mintzo da Fernando Hualde: “Oso proiektu ona da. Iparraldekoek euskara ikasiko dute eta Luzaidekoek frantsesa, Arnegikoen maila berean. Zalantzarik gabe, oso aberasgarria da hiru hizkuntzen eskaintza, gure seme-alaben mesederako”. 
Herriak bizirik
Muga ezabatuta, harreman estuagoa izango dute Errobi ibaiak zeharkatzen dituen herri biek. “Nire haurrek Luzaideko eta Arnegiko lagunak izango dituzte, eta gurasoon arteko harremana ere biziki indartuko da, elkarlanean ibiliko baikara” dio Hualdek. Iritzi berekoa da Anabel Elizondo zuzendaria. “Oso garrantzitsua da herri bietako pertsonen arteko harremana txikitatik lantzea; herritarrak, eta bereziki aitona-amonak, oso pozik daude”, haurrek ematen baitiete bizia eskolei, eta eskolek herriei. Horregatik, etorkizunean, arbola fruituak ematen hasten denean, Arnegi eta Luzaide herri kohesionatuagoak izango dira eta, elkarri eskua emanez, etorkizun oparoagoa eskainiko diete bizilagunei. Jarrai dezala, beraz, zuzen eta tinko hazten ezagutzaren zuhaitza.