“Ez dugu zertan top model perfektuak izan, eduki ditzakegu akatsak!“

gaztanaga

Miren Gaztañaga (Orereta, 1979) aktoreak ibilbide luzea du: ETBn, Martina, Goenkale eta Aitaren etxea saioetan parte hartu du; dantza garaikidean aritua da, eta kantuan ere probatu du Sagarroi taldean. Halere, Ander Lipusekin batera Antzerkiola Imaginarioa taldea sortu zuenetik, antzerkian egin ditu lan gehienak. Orain, ordea, pantaila handirako jauzia egin du: Lasa eta Zabala filmean paper txiki bat jokatu ostean, datorren hilean Patxo Telleriaren Igelak filmean ikusiko dugu protagonista, Gorka Otxoarekin batera. M. Egimendi. Argazkiak: Amaia Zabalo.

Sararen papera proposatu zizutenean, pentsatu gabe onartu zenuen?
Nik ez dut zinema asko egin, ezta aktore karrera ere. Orduan, ikasi dudana lanean ikasi dut. Beraz, lan egitea zinema egiten ikasteko modu bat da, eta, hautaketa probaren ondoren papera lortu nuenean, ez nuen inolako zalantzarik izan. Esperientzia probatzeko gogoa nuen, eta zinemako aktore izaten ikasi.
Zer moduzko esperientzia izan da?
Indartsua, aberasgarria; gero eta gehiago sakontzeko gogoz utzi nau. Oso esperientzia bizia izan da. Ikasten hasi naiz. Antzezten jardun arren, oso ezberdina da papera jokatzeko era, baita indarrak neurtzeko modua ere. Antzerkian, entsegu asko egiten da, eta lana guztiz kontrolpean daukagunean etortzen dira emanaldiak. Zineman, aldiz, entseguak oso urriak izaten dira, beraz, etxerako lana eginda ekarri behar da. Zineman, lanera joaten zara, ordu piloa ematen  duzu eta, beharbada, ordu horietako asko itxaroten joaten zaizkizu, argiak prestatu behar dituztelako edo dena delakoagatik. Denbora tarte horretan energia gehiegi ez galtzen ikasi behar da; izan ere, agian lau orduz zaude zain eta, bat-batean, dena eman behar duzu papera jokatzean. Lan guztietan bezala, zenbat eta gehiago jardun, orduan eta hobeto egitea espero dut.
Ibilbide luzea izan arren, zinemara iritsi berria zara. Zergatik hainbeste denbora?
Askotan, ematen du helburua dela zinemara iristea, zinemak baduelako halako aitortza, baina ni horrela eraman nau bizitzak. Bilbora joan nintzen Arte Ederrak ikastera, baina antzerkiarekin tematua nengoen eta horretan zebilen jendea topatu nuen han. Udako Euskal Unibertsitateko ikastaro batean ezagutu nuen Ander Lipus, eta horrela hasi nintzen Antzerkiola Imaginarioan. Gerora, hainbat antzerki proiektu suertatu izan zaizkit, baina Goenkalek eraman ninduen ikus-entzunezkoetarantz. Esploratzen eta ikasten zabiltzanean, gertatzen da agian norbaitek ikustea eta aukerak sortzea. Ez dakit zergatik, baina horrela izan da.
Gustuko ez zenituen paperak onartu behar izan dituzu hona iristeko?
Bai, agian hasieran ez zara konturatzen benetan ez zaizkizula gustatzen paper horiek, baina garaiak izaten dira. Batzuetan, lanez eta diruz hobeto egoten gara; beste batzuetan, aldiz, larriago edo arduratuago. Beraz, batzuetan baietz esaten diozu ateratzen zaizunari, eta beste zenbaitetan, lasaiago egonez gero, baimena ematen diozu zure buruari aukeratzeko. Halere, azken boladan, barruak oso argi esaten badit ezetz, ez dut hartzen. Bilatuko dut beste zerbait, etorriko da zer edo zer! Gertatu izan zait lan bat konbentzituta onartzea eta gero neure ez sentitzea ere.
Baduzu antzekotasunik Sararekin?
Bai! Igeletxen, etxegabetzeen aurkako gizarte mugimendu bat dago; izan ere, Igelak etxerik gabe gelditu direnak babesteko kolektiboa da. Gaztetxe moduko batean bizi dira, baina harago doa kontua, etxebizitza ere badelako etxerik gabe gelditu direnentzat. Talde horren barruan, kolektibo sozialetako ohiko profilak daude, ideologia oso tinkokoak, gizartea aldatzeko helburua dutenak, kanpora begira eraginez. Halere, Sara, kanpora baino gehiago, Igeletxe barrura so dago. Hartzen du parte aktibismo horretan, baina sukaldean egiten du lan, emozioak lantzen ditu, barneko zaintza. Sarak arreta jartzen du harremanetan, elikaduran, elkarren zaintzan... pertsona gisa bilakatzean. Horretan, antz handia dut berarekin. Guztiok hartu izan dugu parte taldeetan eta eduki ditugu geure borrokak, baina ni mikroespazioek erakartzen naute helburu sozial handiak lortzeak baino gehiago. Nire lekua hurbileko harremanetan ikusten dut gehiago.
Abenduaren 2tik aurrera ikusi ahal izango da Igelak zinema aretoetan. Urduri ikusleen harreraren zain?
Zinemaldian estreinatu zen eta hantxe ikusi nuen pelikula aurreneko aldiz. Ez dut sekula horrelakorik berriz egingo! Oso urduri egon nintzen! Aktorearen munduan, beti izaten da agerian geratzearen kontu hori, iritziak jasotzeko momentu estu hori. Batzuetan oso onak izango dira eta beste batzuetan ez hainbeste, baina ohitu egin behar dugu. Kritikak onak badira, primeran; erdizkakoak badira, egingo dugu hobeto hurrengoan! Lana erakustean beti egoten da hauskortasun txiki hori, baina gero pasatu egiten da.
Kamera aurrean Goenkalen ere ibili zinen. Nola uztartzen da hori Antzerkiolaren abangoardiako antzerkiarekin?
Gauzak etiketatzeko ohitura dugu: hau alternatiboa da, bestea komertziala... baina niri denetarik egitea gustatzen zait. Horretara iristen zara, besteak beste, lan egin behar duzulako, edo  beste gauza batzuk probatzeko gogoa duzulako. Goenkalen hasi aurretik, auskalo zenbat antzerki obratan nenbilen lanean, hileko soldata kostata ateratzen. Baneukan beharra ekonomikoki erraztasun handiagoz ibiltzeko, oso nekatuta nengoen. Une horretan agertu zen Goenkale. Esan nion neure buruari: “Zergatik ez? Zer demontre!”. Lasa eta Zabala egin nuenean, nire lehenengo zinema lana, sentitu nuen banekiela nola egon behar nuen zineman. Goenkalen ikasi nuen nola jokatu behar duen aktore batek: noiz egon behar duen isilik, nori entzun behar dion... ofizioa ikasi nuen. Hori dut eskertzeko Goenkaleri: prestakuntza, kamera aurrean egoten eta beldurra kentzen irakatsi izana, alegia. Soldata bat izan nuen eta hori ez da tontakeria... Lankide piloa ere ezagutu nuen, eta ohartu nintzen badaudela hainbat arlotan jarduten duten aktore ugari, hau da, alde batetik sekulako lan indartsuak eta bestetik lan komertzialagoak egiten dituztenak. Horrek lagundu zidan ofizioa bera lurrera jaisten, aktoreok langileak ere bagarela ulertzen. Geuk ere behar dugu hileroko soldata irabazi, fakturak ordaindu...
2010ean zeure obra sortu zenuenean, Stereo, generoaren eta identitatearen gaia landu zenuen. Zergatik?
Zerbait pertsonalagoa egiteko gogoa nuen eta barrutik indartsu bultzatzen ninduen identitatearen gaiak. Nolabaiteko kortse baten barruan sentitzen nintzen; batzuetan, oso gustukoak ez nituen roletan ikusten nuen neure burua. Komunikabideek ikusgarriago jartzen dituzte gizonezkoak emakumezkoak baino, badituzte hainbat pribilegio, eta emakumeok pairatu egiten dugu hori. Tarteka, deseroso sentitzen nintzen egunerokotasunean gizarte patriarkal honetan bizitzen. Horretaz hitz egiteko beharra neukalako egin nuen Stereo, baita neure buruaren gainean hausnartzeko premia nuelako ere. “Ematen al diot baimena neure buruari neure identitatearen inguruan esploratzeko? Mirenengandik espero dena baino harago joateko?”. Kortse hori askatzeko gogoa nuen, garrasi egitekoa: “Hanka sartzen badut, zer!? Itsusia banaiz, zer pasatzen da!?”. Gizarteak hainbat betebeharretara eramaten gaitu emakumeok, perfektuak izatera, eta horrek aztoratu egiten nau.
Sentitu izan duzu bazterketarik zure lanean emakumea izateagatik?
Hori leku guztietan nabaritzen da, izan aktore ala ez. Mikromatxismo oso inkon-tzienteak barneratuta daude gure jendartean, eta onartuta. Ez da esajerazioa. Nik ere jasan izan dut hori, noski, baita lanean ere, beharbada ikus-entzunezkoetan gehiago nabaritzen da. Baina ez! Ez dugu zertan top modelak izan, eduki ditzakegu akatsak!
Birminghamera ere eraman zenuen Stereo. Kanpora begira hasita zaude?
Ez, baina ateak beti zabalik, hori bai. Bilboko jaialdi batera etorri zen hango festibaleko bikote bat. Asko gustatu zitzaien lana eta hara eraman genuen. Esperientzia polita izan zen, baina oraindik, behintzat, ez ditut energiak kanpora begira jarri, gustura nago hemen.
Duela hilabete argitaratu zen Espainiako estatuko aktoreen % 8 baino ez direla bizi beren ogibidetik. Zu ehuneko horren barruan zaude...
Tarteka bai, tarteka ez. Aurreko urtea oso ona izan zen, baina beste urte batzuk ez dira horrelakoak izaten. Zer etorriko den ez jakiteak, egonkortasun faltak... sor ditzakete beldur batzuk, baina momenturen batean beste zerbaitetan lan egin beharko banu, premiak bultzatuta, egingo nuke. Bitarte horretan aktore lana sortuko balitz, hartuko nuke. Azken batean, ez da edo antzerkia edo ezer ez, baizik eta unean unekoa!
Zer daukazu buruan edo esku artean etorkizun hurbilerako?
Bada, martxoan estreinatuko den El guardian invisible filmean (Dolores Redondoren izen bereko eleberrian oinarritua) badut paper txiki bat, pertsonaia gaizto-gaizto zoragarri bat. Horrez gain, orain crowdfunding batean sartuta gaude Heriotza bikoitza izeneko proiektua aurrera ateratzeko: Jon Ander Alonso du gidari, Mikel Zumeta gidoilari eta Eneko Sagardoy eta biok antzezlari. Sormen kolektiboa da, Libro tibetano de la vida y de la muerte delakoan oinarritua. Crowdfunding bidez gutxieneko finantziazioa lortuz gero, Gipuzkoako Foru Aldundiak diru laguntza ematen du. Gainera, Euli giro liburuan oinarrituriko izen bereko antzezlana ere mugitu nahi dugu… Sorkuntza pertsonalaren bidetik jarraituko dudala uste dut, ezin dut ekidin. Beste lanen bat sortzen bada, zoragarri! Bestela, geuk sortuko dugu! Izan ere, tarte luzea igarotzen baduzu lanik gabe, barruko harra zerbait egiteko gogoz mugitzen hasten da. Beraz, ez naiz itxaroten geldituko, egingo dugu eta kito!

KOLKOTIK

Zein amets daukazu bete gabe? Kanpoan bizitzea, Berlinen edo, sei hilabetez.
Antzeztu nahiko zenukeen pertsonaia historikoa?
Jeanne d’Arc.
Gustura ikusi duzun antzezlanen bat?
La clausura del amor.
Oholtzara igo aurreko maniaren bat? Komunera askotan joatea, kar-kar!
Zertan ikusten duzu zeure burua 20 urte barru?
Espero dut emakume lasaia eta zoriontsua izatea!
Miresten duzun aktore bat?
Cate Blanchett.
Zer iruditu zaizu Bob Dylanek jasotzea Literaturaren Nobel saria?
Arraroa egin zait.
Zer ez da inoiz falta zure etxeko hozkailuan?
Txokolatea.
Zerk ematen dizu lotsa?
Ufa! Gauza pilo batek! Lotsagatik gorritu naizela nabaritzeak.
Eta amorrua?
Nagusikeriak.
Eta beldurra?
Heriotzak, baina gero eta gutxiago.
Aktore izan ez bazina?
Sorkuntzarekin lotutako zerbait.
Euskara ikasteko bi arrazoi?
Beste kultura eta bizimodu baterako atea zabal-tzeko aukera paregabea dela; Euskal Herrian bizi bazara, zer esanik ez.
Egia al da kolore horiak zorte txarra ematen duela?
Ez!
Aktorea ez den norekin joango zinateke pintxo-pote batera?
Oihana Garrorekin, lagun mina dut.
Bi hitzetan, nolakoa da Miren Gaztañaga? Esploratzailea eta gertukoa.