Frankismoaren zauriak agerian

ikusgarri

Francoren bilobari gutuna antzezlana estreinatu berri dute Artedrama, Le Petit Théâtre de Pain eta Dejabu Panpin Laborategia taldeek. Hiru konpainiek elkarlanean sorturiko hirugarren lanak frankismoak gizartean utzitako zauriei erreparatu die, ospitale bateko langile eta erien ibiliak ardatz hartuta. “Iraun beharraren gaitzak jotako komunitate baten hezurren eta gezurren erradiografia traumatologikoa” da lana. Hala, frankismoaren oroimenarekin eta herentziarekin batera, jendartearen osasuna eta izugarrikerien transmisioa lantzen ditu. Unai Iturriaga eta Igor Elortzak idatzi dute lana, eta Ximun Fuchsek zuzendu. Aktore ditu Ander Lipus, Patricia Urrutia, Manex Fuchs, Zoila Berastegi, Urko R. Pescador, Pako Revueltas eta Erika Olaizola. Urriaren 31n aurkeztu zuten Luhuson, eta, udaberrira bitartean, emanaldi ugari eskainiko dituzte Euskal Herri osoan. Esaterako, azaroaren 9tik 13ra, egunero, Donostian; 17an, Bilbon; 18an, Leioan; 19an, Donibane Garazin... Agenda zehatza www.franco.eus gunean dago ikusgai.


 

AZPEITIAAZAROAREN 26ra arte luzatuko dira Azpeitiko XXXIV. Euskal Antzerki Topaketak. Hilaren 1ean hasita, euskal antzerkiaren azken uztaz gozatzeko aukera izango da ia hilabetez. Besteak beste, Hika Teatroaren Koadernoa zuri; Nomofobikaken Sarean kateatuak; Borobil Teatroaren Gu; Txalo Produkzioaken Bi izarren kalenturak; eta Astrolabium Teatroaren E, Petrel! ikusi ahal izango dira Azpeitiko hainbat aretotan. 24an eta 25ean, berriz, Anodino Teatroaren Zerura eroria eta Metrokoadrokaren Mr. Señora izango dira ikusgai, hurrenez hurren, Gaztetxean, antzerki alternatiboari eskainitako ziklo berezian. Bestelako jardunak ere izango dira. Esaterako, hilaren 6an. IV. Antzerki Eskolen Eguna egingo dute, eta 26an, Topaketen amaierako ikuskizunean, agurra eskainiko diote aurten zendutako Kontxu Odriozola aktoreari.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

LABURREAN

NAFARROA osoan emititzen zuen Nafar Telebista kate elebidunak emisioak eten ditu, 2015eko maiatzean hasitako ibiliari amaiera emanda. Zailtasun ekonomikoek behartu dituzte emisioak amaitzera, azken hilotako finantzaketa arazoak tarteko.

KOADERNOAAMA HIL OSTEAN, urte luzez elkarren berririk izan ez duten bi ahizpak jaiotetxean egingo dute topo, ezustean. Hortik abiatuta, zorrotza baino zorrotzagoa zen amaren menpe hazitako bi ahizpen istorioa kontatzen du Hika Teatroa konpainiaren Koadernoa zuri lanak. Arantxa Iturbek eta Agurtzane Intxaurragak idatzia, Intxaurraga bera da lanaren zuzendaria. Itziar Ituño, Nagore Aranburu eta Miren Gojenola ari dira aktore lanean. Urriaren 8an Igorren estreinatu ostean, hainbat lekutan ikusi ahal izango da: azaroaren 11n, Azpeitian; 15ean, Hernanin; 18an, Lasarten; eta 25ean, Basaurin.

AZAROAREN 18tik 25era izango da Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren aurtengo edizioa. Jaime Chavarri zinegile espainiarraren ibilbideari eta lanari aitortza egiteko asmoz, Ohorezko Mikeldi saria hari emanez hasiko da 58. Zinebi, eta, ohiko sailekin batera, berrikuntzak ere izango ditu. Hala, adibidez, Zinebi First Film atala eskainiko dute, zinegile hasiberrien lehen film luzeei lekua egiteko eta laguntza eskaintzeko. Aurten, nazioarteko bederatzi opera prima ikusi ahal izango dira atal berrian.