Sausage Party

saltxitxa

Zuzendariak: Conrad Vernon eta Greg Tiernan. Gidoia: Evan Goldberg, Kyle Hunter, Seth Rogen, Ariel Shaffir. Animazioa. AEB, 2016.

Istorioa: Supermerkatu batean salgai diren elikagaiak itxaropen berarekin esnatzen dira egunero: erosketak egiten dituzten “Jainkoek” haiek aukeratzea, supermerkatutik kanpoko paradisura joateko. Apeta, desio, plazer eta irudika daitezkeen amets guztiak gauzatzen dira paradisuan, agidanez. Ondorioz, hautatuak izatea eta iraungipen datara ez ailegatzea dira haien kezka bakarra. Halere, egun batean, saltxitxa bat konturatuko da supermerkatutik at ez dagoela paradisurik, infernua baizik.
Animazioa: Eskaintza komertzialean, zaila izaten da helduentzako animaziozko filmak topatzea, eta halakoxea da hau. Zuzendaritzan zein gidoigintzan, animazioan eta ustez komedia ganberroetan eskarmentua duten profesionalek osaturiko lantaldea du, eta, bistakoa denez, biak uztartu dituzte “saltxitxen festa” lotsagabe honetan.
Onena: Hartu hiztegia eta hasi lasai adjektiboak eransten filmari: ganberroa, trauskila, zatarra, lizuna, baldarra, astoa, likitsa, zantarra, txerria, gordina, lohia, errespetugabea... Sinonimoz sinonimo, aspertu arte jarrai daiteke horrela (gure hizkuntza gaitasuna zertxobait aberastuta, bide batez). Hori guztiori eskaintzen du filmak, sexua, erlijioa, kontsumo gizartea eta egurtzeko hain ohikoak diren beste zenbait gai ituan jarrita. Jomuga horiei egiten zaien kritikari neurria jartzea zaila da, forma, hau da, umore ganberro-trauskil-zatar-lizun-... (irakurle, zuk zeuk osatu segida) hori nagusitzen baita. Hau da, ororen gainetik,  zabarkeriaz beteriko umore astakiloa da jaun eta jabe. Tira, batere erraza ez dena lortzen du: barre algarak eragiten ditu zenbait unetan, guztiz eskertzekoa dena.
Txarrena: Beste zenbait unetan, bere zatarkerian itotzen da filma, usatuegiak diruditen gagen segidan. Nolanahi ere, dibertsioa nagusi, dudarik gabe.
Eñaut Mitxelena