Peio Artetxe Artabe

(Eskean Kristö)

kaskoakHiru diskoak hautatzeko irizpidea, nire autoa: Kangoo furgoneta zatar bat, gidatzea suertatzen zaidanean disko-jogailuaren eta bolidoaren arteko hibridoa bihurtzen dena. Hortxe entzuten ditut gustuko ditudan disko gehienak. Hala bada, ahaztu dezagun Peio rockeroa momentu batez.
Alde batetik, klasiko bat: The Who taldearen Who's Next (1971). Lan horretako sintetizadoreek Kristören aurretik eta ondoren bat markatu zuten nire kultura musikalean. Talde horrek, batik bat disko horrek, bihotza uzkurtu zidan. Oraindik ere oilo-ipurdia jartzen zait diskoa jartzen dudan bakoitzean.
Bestetik, southernzale amorratua naizenez, duela pare bat urte Bilboko Power Records-en eskuratu nuen Blackberry Smoke taldearen The Whippoorwill (2012) aipatu nahi nuke. Atlantako boskotearen lan txundigarri horren erruz, edo horri esker, kotxeko bozgorailuak kiskali nituen. Ezin ozenago jartzen nuen gitarra punteo basatiak ondo bereizteko.
Azkenik, Jack Johnsonen In Between Dreams (2005). Hondartzazale surflari harrotzat jo izan dut beti morroia, bekaizkeriagatik ziur aski. Halere, onartzen dut asko gozatzen dudala bere musikarekin.