Liher, talde bihurtuta

liher

Lide Hernandok jarri zuen egun Liher bilakatu den proiektuaren lehen hazia. Bakarlari hasi zen pasa den urteko udaberrian kontzertuak eskaintzen, baina gitarra akustikoak lagundurik zenbait zuzenekotan aritu ostean, azaroan osatu zuen orain lau kide dituen taldea. Hauts izeneko diskoa da talde lanaren lehen emaitza, denboraren joana iradokitzen duen izenburuarekin. Taldeak berak ekoitzia, aurtengo udan grabatu eta nahastu dute. Pop, rock eta soul ukituko doinuen bidez, ispilu deserosoetan begiratzeko gonbidapena egin nahi diete entzuleei: sentimenduak, sentsazioak, geure buruari gezurra esatea, beldurrak, barrenak astintzen dituzten zalantza eta kontraesan sakonak dituzte hizpide euren abestietan. Disko berriko kantuok aurkezteko biran buru-belarri dabil taldea. Hil honetan, adibidez, Zaldibian joko dute, 4an; 5ean, Hendaian; 12an, Gorlizen; 13an, Larrabetzun; 17an, Arrasaten; 26an, Iruñean; eta 27an, Hernanin.


 

LABRITLABRIT kantari gipuzkoarrak bere hirugarren diskoa jarri du kalean. Paradisua argitaratu zuen 2000. urtean, eta Nori egin so! 2001ean. Harrezkero, amatasunagatik diskorik grabatu gabe egon bada ere, jarraitu egin du kantuen sorkuntzan, eta orain iritsi da lan horren fruitua: Zortzi (Baga-Biga). Bederatzi abestiz osatutako diskoa, horietako bat (Maitasunaren paradisuan murgilduta) bere lehenengo laneko kanta baten bertsioa. Mutrikuko AME estudioetan gauzatutako diskoa alaia, dantzagarria eta programazioz betea izanik, lasai gozatzeko musika ere bada, chill-out soinuei eta ahotsaren melodiari esker. Zuzenekoetan, talde txiki baten laguntza izango du Labritek: ahotsa, baxua, gitarra akustikoa eta programazioak.

 

 

 

 

 

 

belarminakHAZTEAREN IZERDIA
Belarmiñak
Bonberenea Ekintzak, 2016

2013an sortutako taldearen lehen diskoko abestiei energia, kemen eta grina handia darie. Power pop eta rock and roll kutsuko doinuak dira, indartsuak eta leunak aldi berean, melodia atseginez jantziak. Iki Polikik (ahotsa eta gitarra), Eñaut Maizek (ahotsa eta baxua), Ilargi Agirrek (bateria) eta Joxi Ubedak (ahotsa eta gitarra) osatzen dute taldea, baina Karlos Osinagaren (gitarra) eta Leire Zumetaren (koruak) laguntza izan dute diskoa ontzeko. Belarmiñakek hasieran kantu lasaiak eta leunak egiten bazituen ere, orain indar handiagoz jotzen du.

txumaZERBAIT ARI DA GERTATZEN, HOR
Txuma Murugarren
Gaztelupeko Hotsak, 2016

Murugarrenen luma iradokitzailea nabarmena da lan honetako istorio identifikagarrietan. Halere, dena ez da hitza. Musikariaren kantaera eta ahots kraskatua, soilik berea duen tempo bereziko fraseoa eta inoiz baino sendoago ageri den taldearen soinu trinkoari esker, emaitza oso erakargarria da. Erdi tempoko popa eta rocka bere egin ditu egileak, baina badira ñabardura gehiago: country-folk anglosaxoia, power poparen eta post-rockaren oihartzunak, blues gaurkotua, hiriko klub batetik ateratakoa dirudien pop-rocka...