Garai baten emaitza

urkoGure lagunei
Urko
Novola, 1978

Niri neuri, behintzat, ez zait iruditzen, gaurtik aztertuta, Urkoren diskografia bereziki gogoangarria denik. Baina Gure lagunei 1978ko disko hau anomalia bitxia da abeslari donostiarraren ibilbidean, eta, batez ere, haren garaiaren emaitza argia. Zalantza handiak ditut Urkok hemen esaten dituen gauza batzuk gaur egun berretsiko ote lituzkeen (frankismoak 1975ean fusilaturiko Txiki eta Otaegiren omenez ondua da diskoa); halere, frankismoaren osteko lehenengo urte haietako giro politikoa ederto islatzen du. Musikalki, bereziki aipagarria da A alde osoa hartzen duen 17 minutuko kantata (orduko terminologia erabilita), Jabier Iturralderen orkestra moldaketa handios eta aberats horiekin: 70 musikarik osatutako orkestra, abesbatza, acid rock-etik gertuko moldaketak kantataren hirugarren atalean (askoz ere gehiago dute rocketik Bai Euskarari disko kolektiboko zuzeneko bertsioan) eta abar. Bai, diskoa rara avis da Urkoren diskografian zein garai hartako euskal musikaren panoraman, baina horregatik, hain zuzen ere, interesgarriagoa.
Gotzon Hermosilla