Urt Zubiaurre

zubiaurreHiru liburu kutun eta berezi ekarri ditut, azken urteotan etengabeko sorpresa izan ditudanak:
Lehenik, Manuel Lasarteren Enbor zarraren ezpalak (Auspoa, 1995). Bertan, Leitzako bertsolari handiak hurbileko pertsonen erretratuak egiten ditu (aitari eta amari eskainitakoak apartak dira). Baina liburua hori baino gehiago da. Nire aitona-amonen belaunaldiaren kronika eta ispilu bikaina dela esango nuke.
Bigarrenik, Denbora galdu alde (Erein, 1985), Bitoriano Gandiagak idatzi zuen laugarren poema liburua. Poesia eta prosa tartekatuz, bere barrua biluzten digu duela gutxi joan zitzaigun Gandiagak. Garai beltz baten gaineko gogoeta da liburua, noizean behin gordin-gordina delako, itxi egin behar diren horietakoa. 
Hirugarren eta azken lekuan, entsegu bat: O Tempora! O Mores! (Pamiela, 1989). Eduardo Gil Berak, Narbarten bizi den tuterarrak, idatzi zuen. Azpitituluak dioen bezala, “kontzientziari eta moralari buruzko gogoeta zenbait” biltzen ditu. Hain bereak diren sakontasuna, ironia, umorea eta ikuspegi kritikoa darizkio liburuari.