‘Feriatzaileak’, Patxi Larrionen opera prima

larrion

Feriatzaileak (Susa) nobela kaleratu berri du Patxi Larrionek. Idazleak 1969an kokatu du kontakizuna, apirilaren 29aren eta maiatzaren 5aren artean, zehazki. Hain zuzen ere, Urbasan eta Iruñean Patton film estatubatuarraren azken eszenatako batzuk errodatzen ari ziren garaian. Izan ere, zinegile “amerikano” haientzat ari da lanean nobela honetako protagonista: Martin Galdeano. Bera eta Luis laguna soldadutza egiten ari dira, eta filmaren zerbitzura egotea egokitu zaie grabaketak iraun bitartean. Laster ikusiko dute, biek ala biek, negozioak, amarruak eta lapurretak egiteko aukera bikaina. Azken batean, lapurreta batzuen istorioa da Feriatzaileak. Egileak erritmo eta elkarrizketa biziz azaldu ditu jukutriak eta sekretuak, anbizioa eta traizioa, adiskidantza eta desira.
Patxi Larrion 1964an jaio zen Bergaran, eta gaur egun Iruñean bizi da. Honako hau da bere lehendabiziko liburua.


 

KATIXAKATIXA AGIRRE idazle gasteiztarrak irabazi du Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Augustin Zubikarai saria. Bederatzi urtez nobela laburren lehiaketa izan zenak formatua aldatu zuen 2010ean, eta nobelak sortzeko beka bihurtu zen. Aurten, epaimahaiak Agirreren eleberri proiektua aukeratu du aurkeztu diren hamazazpi lanen artean. Amek ez dute idazten izena du, eta amatasunaren eta arte-sorkuntzaren arteko harremanaz egin nahi du gogoeta. Kontakizuneko protagonistak, idazlea eta ama izanik, jakin-mina eta obsesioa eragin dizkion kasu bati buruz idaztea erabakiko du: bere haur txikia hil du emakume gazte batek ageriko arrazoirik gabe, eta idazlea ohartu da noizbait ezagutu zuela emakume hori. Urtebete du Agirrek nobela ontzeko.

 

 

etxaburuLO ZAUDELA ZABALDU DIZKIZUT BEGIAK
Mikel Etxaburu
Erein, 2016

Liburu honetako poemei esker, Blas de Otero-Bilbo Uria nazioarteko poesia saria irabazi du Etxaburuk. Hainbat gai ageri dira bilduma honetan. Hala, kutxazainetan lo egiten duten etxegabeek, jonkiek, eskaleek... bultzatu dute egilea lan hauek idaztera. Haren aburuz, sator begietara ohitu gara eta, ikusi baino, nahiago dugu begira geratu; halere, Etxaburuk ikusi egin ditu pertsonak eta ertzak, hiriak eta esperantzak, xiringak eta lagunak.

 

trilogiaTRILOGIA HIPERLABURRA
Karlos Linazasoro
Elkar, 2016

Hiru zatitan banatu ditu idazleak liburu honetako ipuin laburrak, horrela osatu du trilogia hiperlaburra. Ez du soberako hitzik. Ez du emango deskribapen xeherik, argumentu aberatsik, pertsonaien nortasun konplexurik. Motzera jotzen du beti egileak. Umorearen gama zabala, ironiatik absurdora; gogoeta ustekabekoak, kitzikagarriak zein sakon pentsatzekoak; mundua hankaz gora jartzen duten burutazioak, zoroak nahiz zuhurrak; sentsibilitate minbera baten aitorpen lotsatiak eta ziri lotsagabeak…