Euskarazko zinemak badu ‘Ganbara’

ganbara

Euskarazko zinemaren gordailua izateko xedez sortu dute Ganbara.eus, euskarazko zinemagintzak orain arte emandako guztiak bilduko dituen sareko datu basea. Zinea.eus atariak sortu du, Euskadiko Filmategiaren laguntzarekin eta Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin. Filmak ez ezik, euskarazko zinemagintzarekin loturiko orotariko informazioa ere jasoko du Ganbara.eus-ek. Filmei dagokienez, orain arte egindako lanen zerrenda osatua bilduko du: film luze eta laburrena, fikziozkoena, dokumentalena eta animaziozkoena. Horien guztien gaineko informazioa ere eskainiko du: fitxa tekniko eta artistikoak, sariak, kritikak, albisteak... Filmen trailerrak eta gidoiak paratzeko asmoa ere badute Ganbararen sustatzaileek. Zinema arloko profesionalen (aktore, zuzendari, ekoizle, banatzaile...) inguruko informazioa ere jasoko du. Finean, euskarazko zinemagintzarekin loturiko guztiari buruzko informazioa pilatzen saiatuko dira. Hala, bigarren fasean, euskarara ekarritako lanei ere egingo diete leku. Epe luzerako egitasmoa izanik, datu basea pixkanaka osatuko dute. Horretarako, interesa duen ororen elkarlana baliatu nahi dute.


txindokiMENDIAK izeneko aplikazioa sortu du CodeSyntax enpresak, Euskal Herriko mendiei eskainia. Bi helburu nagusi ditu. Batetik, Euskal Herriko 1.500 mendi nagusien gaineko informazioa biltzea: fitxa, garaiera, bestelako datuak, argazkiak eta kokapena. Bestetik, erabiltzaileei aukera ematen die euren igoerak markatzeko eta gordetzeko eta, hala, igoeren estatistika eta datu historikoak izateko. Gainera, argazkiak eta iruzkinak erants ditzakete erabiltzaileek, baita informazioa partekatu ere. Euskara hutsean egina, mendizale guztientzako aplikazioa da, nahiz eta, CodeSyntaxen arduradunek jakinarazi dutenez, “batez ere, mendizale arruntenentzat da, asteburuetan lagunekin edo senideekin haien herri inguruko mendiak igotzen dituzten horientzat”. Oraingoz Androiderako baino ez dute garatu, eta Play Storen eskura daiteke dohainik.

 

 

LABURREAN

BURUJABETZA teknologikoaren eztabaida erdigunean jartzeko asmoz egingo da azaroaren 17an, Donostiako Tabakaleran, Software eta Teknologia Libreen III. Euskal Mintegia. Duela hainbat urte egindako lehen bi edizioei jarraipena emateko antolatu du UEU Udako Euskal Unibertsitateak. Egun osoan, teknologian aritu eta adituek tailerrak eta hitzaldiak eskainiko dituzte, software librearekin batera beste teknologia libreak ere kontuan hartuta. Parte hartzea doakoa da, baina derrigor eman behar da izena aldez aurretik.  Azaroaren 16an amaituko da matrikula egiteko epea, www.ueu.eus/ikasi/jardunaldiak helbidean. Bertan, halaber, mintegiaren egitarau zehatza dago ikusgai.

INTERNETEN Nazioarteko Egunaren karietara, aurtengo maiatzaren 17an I. Euskarazko Interneten Eguna ospatu zuten Iruñean, PuntuEUS Fundazioak, Topaguneak eta Euskalerria Irratiak antolatuta. Ospakizunari jarraipena eman nahi diote antolatzaileek eta, horretarako, kokapen eta kolaborazio proposamenak jasotzeko deia egin du PuntuEUS Fundazioak. Proposamenik egin nahi duenak azaroaren 30era arteko epea du, eta E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko. helbidera bidali behar dira. Xehetasun guztiak www.domeinuak.eus gunean ezagut daitezke.

AZAROAREN 10ean, 5. Euskarabildua Jardunaldiak egingo dira Donostiako San Telmo museoan, Argia aldizkariak, Ametzagaiña taldeak eta Iametza interaktiboak antolatuta. Komunikazio emozionala: tresna eta jokabide komunikatiboak gizartea mugiarazten izenburupean, bertoko eta nazioarteko hizlariek euren esperientziak azalduko dituzte eguerdira bitartean. Izen ematea doakoa da, eta www.euskarabildua.eus gunean egin daiteke. Bertan, halaber, egitarau osoa dago ikusgai.