Lehergailuak poltsikoan

Asko hitz egin da eskuko telefonoez azken asteotan; hedabideetan ere albiste izan dira behin baino gehiagotan. Baina ez nago oso seguru hizpide izan ditugun gaiei behar bezala heldu ote diegun (edo dieten, guri begira).
Albisterik nabarmenenetakoa, zalantzarik gabe, Samsungek merkatutik erretiratu behar izan duen puntako modeloarena izan da. Bateriaren akats bat tarteko, telefonoak berez hartzen zuen sua. Gailuaren diseinuan zein softwarean hori saihesteko aldaketak egin arren, ezin izan dute konpondu. Jabetu orduko, modelo akastun (eta garesti) horren bi milioi eta erdi telefono zituzten salduta, eta pentsatzen dut oraindik egongo direla horiek guztiak kaletik erretiratzeko lanetan. Tira, notizia ofiziala hortxe geratzen da: telefono pilo bat erretiratu beharra, enpresarentzako galerak eta burtsako balioan izandako beherakada...
Oso ondo, baina, aizue, galderatxo bat: nora joango dira 2,5 milioi telefono leherkari horiek gehi Samsungek biltegietan saltzeko prest izan zitzakeenak? Izan ere, arazoa ez da bukatzen sakelako horiek kaletik kenduta. Denak elkarrekin pilatuko dituzte, batek su hartzeko eta besteak 'kutsatzeko' arriskuarekin? Desegin egingo dituzte? Zer egingo dute bateria horien hondakin hipertoxiko eta (bateria berri-berriak izanda, gainera) hiperaktiboekin? Erraz irudika dezakegu hiru milioi telefonok osatutako 'mendia', munduko ziberzabortegi bihurturiko Ghanan, adibidez. Azken finean, 'mendi' horrek su hartzen badu eta bi aste ematen baditu ke beltz ezin toxikoagoa botatzen, gu enteratu ere ez gara egingo.
Bestalde, kasu horretaz hitz egin da ezohikoa balitz bezala, baina nahikoa da telefonia erabiltzaileen edozein forotan sartzea ikusteko marka eta modelo guztietako telefonoetan gertatzen dela inoiz edo behin bateria batek lehertu, su hartu edo puxika baten moduan puztea eta gailu osoa apurtzea. Sakelakoen irrati emisioek egin liezaguketenaren beldurrez bizi da jende asko, baina badute arrisku bat askoz ere errealagoa: gero eta bateria ahaltsuagoak, gai kimiko hipertoxiko, suharbera edota leherkorrez egindakoak, gau eta egun poltsikoan lasai-lasai daramatzagunak. Askoz arrisku errealagoa iruditzen zait bestea baino, eta oso zarata gutxi entzuten da horren inguruan!

Loturak, estekak, linkak

http://bit.ly/aizunote7
Telefono leherkorraren gaineko albistea, Berria-n.

http://bit.ly/aizughana
Erreportaje interesgarria Argia-n, Ghanako zabortegi elektronikoaz.

http://bit.ly/aizuhondakinak
Aurkezpen laburra Slideshare zerbitzuan, egunero inguratzen gaituzten gai toxikoei buruz.