Espazioa eta denbora

julenJulen Gabiria

Zutabe hau irakurtzen duzunerako, futbol ligak hasi berriak izango dira ipar zein hego, eta Olinpiar Jokoak, berriz, harean utzitako oinatzak bezala, denboraren olatuak ezabatuko zituen honezkero, bata bestearen atzetik etorritako albisteen zurrunbiloan, dela udazkeneko hauteskundeen aurreikuspena, dela izua eragin duen gertakariren bat, dela orain arte ezkutuan geratu den ustelkeria kasuren bat, dela bikingoek Perrexil uhartea inbaditu dutela, dela auskalo zer. Auskalo diot, balizko albiste horiek oraintxe bururatu zaizkidalako, horrelako ezer gertatu baino lehen ari bainaiz zutabe hau idazten, uda nola etorriko den ere ez dakidala (eguraldi aldetik bai: hezea eta freskoa euskal kostaldean, ez da Nostradamus izan behar). Zu ere, irakurle, itsasargi urrun bat bezain lausoa zara orain niretzat: apenas ikusten zaitut han nonbait, zu irailean eta ni, oraindik ere, uztailean, lerro hauek idazten ari naizen bitartean. Ni, ikasturte zaharraren amaieran, igarotakoaren balantzea egin beharra eskatzen duen ziklo baten bukaeran; zu, aurrera begira ezinbestean, ikasturte berria baituzu zain, plangintza egin beharra exijitzen dizun zikloaren hastapenean. Une honetan (zure irakurketaren unean edo nire idazketarenean, berdin dio), ez gaude urrunegi elkarrengandik, gehienez ere ehunka kilometro batzuetara; denboran, baina, ezin neurtuzkoa da bereizten gaituen hilabete eta koska, biok testu beraren aurrean egon arren. Zuk badakizu, nik arrastorik ere ez: asko aldatu al da mundua uda honetan? Albisterik gabeko uda klasiko horietako bat izan da ala, azken urteotan nagusitu izan den bezala, atsedenik gabeko uda zorabiagarri horietako bat? Esadazu, irakurle, zuk badakizunez: ez ote nago hobeto uztailean kateatuta, uda beteko zoriontasunaren promesa oraindik aurrean dudanez? Ala, edozelan ere, zorion-tsuak zarete mugaz bestaldeko biztanleak, eta irailean zain izango dudan munduak merezi du aukeratxo bat, bederen? Batzuetan hain ondo egoten baita iraganaren lozorroan...