Mugan, pausalekua topaleku

aulkia

Tolosako Bedaio auzoak eta Nafarroako Azkarate kontzejuak bat egiten dute Zarateko lepoan. Gipuzkoa eta Nafarroaren arteko muga, mendeetan, bateko zein besteko biztanleen topaleku izan da. Izaera hori berreskuratu nahi izan du uda honetan Azken Muga egitasmoak. Hainbat artista plastikok bultzatua, natur gunea kulturaz bete, eta inguruko herritarren bilgune bilakatu dute berriro ere. Hala, udak iraun bitartean, hainbat eskultura ipini dituzte Zaraten, naturaren erdian. Guztien artean nagusi egitasmoaren ikur bihurtu den aulki erraldoia. Herriz herri ibili ostean, uda osoa eginen du Zaraten, pausalekua dena topaleku bihurtzeko. Jendea haren inguruan biltzeko. Halaxe ari dira uda osoan, zenbait kultur ekitaldiren bitartez. Tartean, duela hainbat hamarkadara arte paraje berean egiten zen erromeria. Egitasmoak irailaren 24an emango ditu uda honi dagozkion azkenak, Et Incarnatus Orkestraren emanaldiarekin, Zaraten bertan. Ondoren, lehen bezala utziko dute ingurua. Artelanen zantzurik geratuko ez bada ere, arrastoa utziko du. Izan ere, erromeria berreskuratu, eta urtero egiteko asmoa dute antolatzaileek. Mugak topaleku izaten jarrai dezan.