Finlandia

Tontorrik garaiena opari

halti2017an herrialdearen independentziaren mendeurrena ospatuko dutela-eta, ezohiko oparia jaso dezake Finlandiak Norvegiaren partetik: Halti mendiaren (samieraz, Haldi; suomieraz, Haltitunturi) tontorra. Hala izango balitz, Finlandiako gunerik garaiena bihurtuko litzateke Halti. Horretarako, baina, Norvegiak zertxobait aldatu beharko luke muga. Halti mendia Norvegiaren eta Finlandiaren arteko mugan dago, eta bi tontor ditu. Bata Finlandiako lurretan dago, 1.324 metro garai da eta herrialdeko tokirik garaiena da. Beste tontorra, 1.365 metrokoa, oso gertu dago, baina Norvegiako lurretan. Hartara, oparia egin ahal izateko, 40 metro inguru mugitu beharko luke Norvegiak muga. Eskaria 2015ean egin zuen Bjorn Geirr Harsson geofisiko eta topografo erretiratuak, eta ordutik babes zabala jaso du bai Finlandian, bai Norvegian. Halere, Norvegiako erakundeen hainbat ordezkarik azaldu dutenez, ez da erraza, herrialdeko legeak tarteko, aipatu muga mugitzea. Hain juxtu, gaiari buruz mintzatzean, ”arazo formalak” aipatu ditu berriki Norvegiako lehen ministro Erna Solbergek. Nolanahi ere, gobernua ”aukera aztertzen” ari dela esan du. Hori bai, ustez garrantzi gutxiko gai horrek beste auzi bat ipini du mahai gainean: sami herriarena. Eremu hartako jatorrizko biztanleak dira samiak, eta haientzat mugak ez du inolako zentzurik. Adibidez, euren elur-orein taldeak batera eta bestera ibiltzen dira mugez gaindi. Hala, sami askoren ustez, eremuak ez luke izan behar ez Finlandiarena, ez Norvegiarena. Kasu egingo ote diete?