Errealitatea latzagoa da

ww

Genero indarkeria, pederastia, kontrola eta jabetza, ereduzko emakume prototipoa, beldurra eta isolamendua, emakumeek lan munduan jasaten duten diskriminazioa,  aurrera egiteko aurka dituzten estereotipoak eta zailtasunak, egoera hori gainditzeko bide berriak... Gai horiei guztiei buruzko erakusketa ikus daiteke martxoaren 23ra arte Gasteizko Artium Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoan. Teresa Serrano (Mexiko D.F., 1936) artista mexikarrak diskurtso feminista trinkoa hedatzen du, bideo eta argazkien bidez, Albur de amor erakusketan.
Serrano gaur egungo artista interesgarri, sortzaile eta indartsuenetako bat da ikus-entzunezkoen arloan, eta ibilbide luze eta sendoa du egina nazioartean. Bere ekoizpen artistikoa berezia eta boteretsua da, bere diskurtso sortzaileak etika eta estetika, edukia eta forma, lotu ohi dituelako, inplikazio pertsonal eta artistiko sakonez. Hala, ezinbestean, gordina da Albur de amor erakusketa. Islatzen duen errealitatea bezain bortitza.