Bitxikeria

heavyZein dira heavy metal taldeen hitzik erabilienak?

Heavy metal musika estiloak eta haren eratorriek milioika zale dituzte mundu zabalean. Musika motaren ezaugarriak eta estetika direla-eta, askotan hitz gogorrekin lotu izan dira estilo horretako kantuak. Nolanahi ere, ez dirudi letrak hain gogorrak direnik; ez, behintzat, datu analisiak egiten dituen Degenerate State (http://www.degeneratestate.org) guneak jakinarazi duenez. Heavy metal taldeek erabiltzen dituzten hitzak aztertzeko, Darklyrics.com guneko datuak (metal taldeen abestiak biltzen dituen webgunea) eta ingelesezko corpus bat alderatu ditu. 7.364 talderen 22.314 disko baino gehiagotako 222.623 abesti aztertu ostean, kantuotan gehien erabiltzen diren hitzen zerrenda osatu du Degenerate State-k. Honatx hitz errepikatuenen hurrenkera: Burn (erreta/erredura), Cries (negar egiten du), Veins (zainak), Eternity (eternitatea), Breathe (arnasa hartu), Beast (piztia), Gonna (egingo dut/duzu), Demons (deabruak), Ashes (errautsak) eta Soul (arima). Kontrakoa ere egin dute. Hau da, batere “metaleroak” ez diren hitzen zerrenda. Horiek ez dirudite oso hitz erakargarriak, ez heavy metal estilorako, ezta beste askotarako ere: Particularly (partikularki), Indicated (seinalatua), Secretary (idazkaria), Committee (batzordea), University (unibertsitatea), Relatively (erlatiboki), Noted (ezaguna), Approximately (gutxi gorabehera), Chairman (presidentea/mahaiburua) eta Employees (enplegatuak).