Ikus-entzunezkoak

'Game of Thrones' Zumaian eta Bermeon grabatuko dute

itzurunIazko irailean Nafarroako Bardeak grabatzeko baliatu ostean, Euskal Herrira itzuliko da HBO katearen Game of Thrones telesail ospetsua. Izan ere, aurtengo udazkenean Zumaian eta Bermeon grabatuko dituzte telesailaren zazpigarren denboraldiko zenbait eszena. Zehazki, bi paraje ezin ezagunagoetan egingo dute: Zumaiako
Itzurun hondartzan eta Bermeoko Gaztelugatxen. Grabaketak direla-eta, hainbat egunez itxi egingo dituzte bi guneak. Albisteak orotariko iritziak piztu ditu. Grabazioak eragingo dituen onura ekonomikoak nabarmendu dituzte gehien. Hasteko, estra moduan lan egiteko edota prestaketa lanetan aritzeko jendea kontratatuko dutelako. Horrez gain, telesaila hain arrakastatsua izanik, hala Zumaiara nola Bermeora bisitariak erakartzeko balioko duelako. Hots, turismoari mesede egingo diolako. Bardeetan, esaterako, grabazioa egin zutenetik % 41 ugaritu da bisitarien kopurua. Argudio horien aurrean kezka agertu duenik ere bada. Batetik, gehiegizko bisitarien etorrerak izan dezakeen eragin kaltegarriengatik. Bestetik, grabazioa babestutako inguruneetan egingo dutelako. Halere, Bermeoko turismo zinegotzi Irune Ormaetxeak hainbat hedabidetan azaldu duenez, ekoizpen etxeak aintzat hartuko du ingurune babestuak direla. Zalantzen gainetik, ordea, bistakoa da grabazioak piztutako ikusmina. 2017ko udan jakin ahal izango da zelan moldatu diren Zumaiako flysch-etan eta Gaztelugatxen Stark, Lannister eta telesaileko gainontzeko familia protagonistak, orduan estreinatuko baitute zazpigarren denboraldia.