Lana

bulegoaBulego ideala, langileak egoki kokatzen dituena

Bulegariei elkarren artean ideiak trukatzeko aukera ematen dietenez, bulego irekiak onak ei dira langileen jarduna hobetzeko. Hori uste dute, bederen, enpresa askok. Haatik, lanaren eraginkortasunari dagokionez, langileak euren ezaugarrien arabera ongi nahastean datza arrakastaren funtsa. Hala jokatzen duen lantokia litzateke bulego ideala, Harvardeko Unibertsitateko (AEB) ikertzaile talde baten ustez. Eremuko langile “produktiboen” dentsitatea zenbat eta handiagoa izan, orduan eta lan hobea egingo dute langileek, ekoizpenari, eraginkortasunari eta kalitateari dagokienez. Hori ondorioztatu dute Harvard Business Schooleko ikertzaileek, teknologia enpresa bateko 2.000 langileren jarduna bi urtez aztertu ostean. Zehazki, beharginen produktibitatea, haien arteko distantzia eta lan egiteko azkartasuna aztertu zituzten. Ikertzaileek ondorioztatu dutenez, langileek elkarri kutsatzen diote euren lan egiteko modua, onerako zein txarrerako, betiere 8 metroko erradioaren baitan egonez gero. Ikertzaileek bi langile mota bereizi zituzten. Batetik, oso produktiboak direnak, eta kalitate eskasagoko lanak egiten dituztenak. Bestetik, motelagoak izanik kalitate handiko lanak betetzen dituztenak. Batzuk zein besteek elkarri eragiten diote, baina modu positiboan: langile azkarren eraginez, motelagoek arinago egiten dute lan, kalitateari kalte egin gabe; langile motelek antzera eragiten diete azkarrei. Are gehiago, langileetako batek beharra utzita ere, haren eragina bere horretan mantentzen da hilabetez, gutxi gorabehera.