Euskara

oinezUrriaren 16an Nafarroa Oinez, Viana eta Lodosako ikastolen eskutik

Hartu, tenka, tira! lelopean, Vianan egingo da urriaren 16an aurtengo Nafarroa Oinez. Jaia herri horretan egingo bada ere, bi dira antolatzaileak: Vianako Erentzun eta Lodosako Ibaialde ikastolak. Sokatirari erreferentzia egiten dion leloari jarraikiz, euskararen sokak lotu ditu bi ikastolok. Aurtengoa da Nafarroa Oinez bi ikastolak elkarlanean antolatzen duten lehen aldia. Ikastola txikiak dira biak ala biak, baina lan handia egiten dute euskararen berreskuratze eta normalizazioan. Izan ere, euren eskualdea ez da oso euskalduna eta, gainera, Nafarroako Euskararen legearen eraginez, are gehiago zailtzen zaie euskalduntzearen aldeko lana. Hala, urriaren 16ko hitzordua ikastolen proiektua ezagutarazteko baliatuko dute, eta euskarazko kalitatezko hezkuntza sustatzeko. Horiez gain, bi ikastolek bere garaian eraikitako zenbait azpiegituraren zorra amortizatzeko erabiliko dute bildutako dirua. Urriaren 16ko hitzorduari buruzko informazio guztia http://www.nafarroaoinez.net gunean kontsulta daiteke.