Bi euskaltegi berri 16-17 ikasturtea hasteko

antiguaBi euskaltegi berri jarriko ditu martxan AEK-k 16-17 ikasturtearen hasierarekin batera. Donostiako Antigua auzoan, bata; Durangon, bestea.
Antiguako AEK euskaltegi berriak Erregezain kaleko 22.ean irekiko ditu ateak, eta ikasleentzako bost ikasgela, irakasleen gela eta bulegoa izango ditu. Antiaguatarrek ekainean egin zuten inaugurazio ekitaldia, ondoan den Doka kafe antzokian. Ikasleen eta auzotarren artean, 40 bat lagun bildu ziren mintzodromoan, eta Kantu Jirako kideek eta auzoko dantza taldeko umeek alaitu zuten ospakizuna. Hil honetarako, berriz, artisau garagardoen dastaketa antolatu dute 16-17 ikasturteko matrikulazio kanpainaren baitan; baita euskal kantugintzari buruzko saio bat ere, Aitorren hizkuntz zaharra izenekoa, euskara gaitzat duten zenbait kantu aztertu eta abesteko.
Beste euskaltegi berria Durangon inauguratuko da, Santanoste kaleko egoitzan. Abarrak kimatu, zuhaitza berritu lelopean egingo den ekitaldia irailaren 22an izango da,  arratsaldeko 18:30ean hasita. AEK-k mende erdia darama Durangoko eta inguruetako ikasleak euskalduntzen, eta, orain, euskaltegiaren egoitza aldatzeko unea iritsi da. Hala, Santanoste kalean egongo da aurrerantzean Abarrak AEK euskaltegia. Horrek ere ikasleentzako bost gela, autoikaskuntza gela, bulegoa eta irakasleen gela izango ditu.