Zu eta biok euskaraz, ederra

zutabiokAEK-k 2016-17 ikasturterako matrikula bat zozkatuko du AEK-ko ikasleek proposatzen dituzten lagun guztien artean. Hala, aurreko ikasturtean (urritik ekainera 120 ordutik gorako ikastaro batean) AEKn ibilitako ikasle orok nahi adina lagun gonbida dezake zozketan parte hartzera. Horretarako, galdetegia bete beharko du AEKren aek.eus webgunean.
Irailaren 23a baino lehen jasotzen diren izen guztien artean, 2016-17 ikasturterako matrikula bat zozkatuko du AEK-k, eta sariduna gonbidatu duen ikasleak % 50eko beherapena izango du ikasturteko matrikulan. Saridunen izenak irailaren 28an emango dira ezagutzera.
Doako matrikula 2016/2017 ikasturtean erabili beharko da, A1-A2-B1-B2 mailetako edozein ikastarotan (aurrez aurrekoa, autoikaskuntza, on-line, hilabete Foruko AEK barnetegian), ikastaro trinkoetan eta uda barnetegietan izan ezik. Alabaina, irabazleak aukeratutako tokian eta ordutegian taldea eratuko ez balitz, AEKren eskumena izango litzateke sariarekin zer egin erabakitzea. Bestalde, irabazlearen lagunak (AEK-ko ikasleak) % 50eko beherapena izango du 2016-17an egin behar duen ikastaroaren matrikulan, urritik ekainera bitarteko ikastaroren batean. Ohiko prozedura jarraituta, urteko matrikula osorik  ordainduko du dagokion eperako, eta 2017ko otsailean jasoko du sariaren dirua.
Iaz, Lizarrako Beinat Etxepare AEK euskaltegiko ikasle Beatriz Comesañak eskuratu zuen saria, beste batzuen artean Cesar Escuderoren izena proposatzeagatik. Hala, Cesar doan hasi zen euskara ikasten Gesalatzen, eta Beatrizek, berriz, % 50eko beherapena izan zuen beraren matrikulan, Lizarrako euskaltegian euskara ikasten jarraitzeko.