‘Erresuma eta Fedea’ trilogia osatu du Aingeru Epaltzak

epaltza

Idazle iruindarrak Gure Jerusalem galdua eleberriarekin bukatu du Erresuma eta Fedea trilogia. Lehen liburua, Mailuaren odola, 2006an kaleratu zuen; bigarrena, Izan bainintzen Nafarroako errege, 2009an; eta duela hilabete gutxi batzuk ikusi du argia hirugarren honek. Trilogia idaztea zortzimilako mendi bat igotzea bezain neketsua egin zaiola adierazi du  Epaltzak, eta bukaeran konturatu ei da bidaia-liburu moduko bat osatu duela. Izan ere, lehen nobela Nafarroa Beherean eta Biarnon girotu zuen batez ere; Frantzian barrena, bereziki Parisen, bigarrena; eta hirugarrenean itzuli da Iruñera, "gure Jerusalem galdura”. Trilogiaren amaierako nobela malenkonia kutsu batek blaitzen du, urteak igaro ahala, Joanes Mailu protagonista zahartua ohartzen baita bera dela bere printzipioei uko egin ez dien bakarra. Nafarroako konkistaren garaian kokatzen da gudu odoltsu, amodio sutsu, errege-areto, kartzela krudel, mendeku, traizio, konspirazio eta sabotajez jositako trilogia.